Arrasateko Udalak hobekuntzak egingo ditu herriko sei ikastetxeko jolastokietan. Horrekin batera, jolastoki horiek herritarren erabilerarako zabalduko dituzte ikastetxeek.
Zortzi hilabete dira Udala egitasmoa lantzen ari dela, eta ikastetxeekin harremanetan jarrita oso erantzun positiboa jaso dutela adierazi du hezkuntza zinegotzi Ander Garayk. "Jolastoki asko zabalik daude dagoeneko, baina beste batzuk eskola orduetan eta beste pare bat orduz erabiltzen dira; izan ere, gero itxi egiten dira. Esaterako, Erguineko, Bedoñabeko edo Institutuko jolastokiak, eta hain justu ere espazio handienak dira. Hezkuntza sailetik harremanetan jarri ginen beraiekin aztertzeko aukera egun guztietan eta aste bukaeratan zabaltzeko. Erantzuna oso ona izan da".
Lau lan saio egin dituzte Udalak eta ikastetxeek eta hainbat proposamen luzatu dituzte eskoletatik jolastokien egoera hobetzeko. Lehentasunak finkatu ostean erabakita dago non zein hobekuntza egin. "Hobekuntza gehienak dira bereziki bizikletendako zein patineteendako aparkalekuak gehitzea, eserlekuak ipintzea gurasoak-eta egoteko, eta jolasari bideratuta lurrean hainbat jolas margotzea zein ping-pong mahaiak, saskibaloi saskiak edo futbol ateak ipintzea", esan du Garayk.
Hobekuntza lanak ikasturte honetan egitea aurreikusten du Udalak. Materiala eskatuta dagoela jakinarazi du hezkuntza zinegotziak. Udal brigadako langileek egingo ditu instalazioa. Garayk uste du urte hasierarekin batera izango dela.