Easo Loquillok talde sendoa eta indartsua dela erakutsi du Iturripen (55-68)

Eneko Azurmendi 2017ko aza. 11a, 21:04

Partidu zaila zeukan MUk gaur etxean, eta aurkariak kantxan erakutsi du partiduaren zailtasunaren zergatia. Izan ere, markagailuan atzetik joan dira uneoro arrasatearrak eta ezin izan dute denboraldiko hirugarren garaipena lortu. Josu Larreategi entrenatzailearen ustetan, mentalizazioa izan da arazoa. "Badakigu oso onak direla, baina guk ere ez dugu benetan sinistu garaipenean", adierazi du.

Partidu guztian zehar jaun eta jabe izan dira donostiarrak. Larreategiren mutilek bukaerarako markagailuan apur bat gerturatzea lortu badute ere, nagusitasuna erakutsi du Easo Loquillo taldeak Iturripen, bai defentsan, bai erasoan. Hala ere, azken arrasatearrek ez dute etsi eta unera arte lehiatu dute. "Ez da erraza izaten partidu guztia atzetik joatea, baina taldea tentsioan egon da partiduaren amaierara arte".

Defentsan lan txukuna egin du MUk, baina entrenatzaileak nabarmendu duen moduan, erasoko jokaldietan egon da gakoetako bat. "Eurek oso defentsa gogorra dute eta guk ez dugu baloia behar bezala mugitu defentsa horri min egiteko. Barruan oso indartsuak dira, eta hiru jaurtiketetan ez gara batere fin ibili. Atsedenaldira 22 punturekin iritsita, ez goaz inora", azpimarratu du Larreategik.

Barbero, bueltan

Partiduak utzi duen beste albiste bat Iker Barberoren itzulera izan da. Urtebete baino gehiago kanpoan egin ostean, Cuencan bizi izan duen azken esperientzia ez da berak gura bezalakoa izan, eta etxera itzultzea erabaki du. "Valentziako urtea oso ona izan da, etxean moduan tratatu naute eta gustura egon naiz. Hala ere, Cuencan ez nengoen batere gustura, eta nahiago izan dut orain itzuli, urte osoa gaizki egotea baino", azaldu du Barberok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak