Memoriaren Egunarekin bat egin dute alderdi politiko guztiek, memoriaren eta bere transmisioaren inguruko gogoeta herritarren artean zabaltzeko eta indarkeriaren biktima izan diren guztien oroimena defendatzeko helburuz.
Iluntzean Herriko Plazan egin duten elkarretaratzean izan dira, EAJ-ko, EH Bilduko, Irabaziko eta Baleikeko ordezkariak, beste herritar batzuekin batera.
Maria Ubarretxena alkateak adierazi du "gure herriaren memoria" garrantzitsua dela, eta hauxe gaineratu du: "Aurrera egin nahi badugu, memoria izatea ezinbestekoa da". Azpimarratu du baita ere egitaraua alderdi politiko guztien arteko adostasunarekin prestatu dutela.
EH Bilduko Eneko Barbenerak esan du egun honetan aldarrikatu baino, gehiago dela ipintzea egutegian jende askorengan presente dagoen gai bat, baina ez agian esfera publikoan.
Irabaziko Juan Luis Merinok, berriz, biktimak izan ditu gogoan. Inoiz pasa beharko ez liratekeen hainbat gertakari izan direla adierazi du, eta gaineratu du, "biktimak" direla egun honetako protagonistak.
Baleikeko Eva Abuinek, ostera, memoria inklusiboa aldarrikatzen dutela esan du, eta azpimarratu du aitona-amonen memoria "zaindu eta aldarrikatu" behar dela.
Filma
Elkarretaratzearen ostean, goizean batxilergoko ikasleak ikusi duten Ama, nora goaz? dokumentala proiektatu dute Amaia antzokian, herritar guztiendako. Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian estreinatu zen Iban Gonzalezen ikus-entzunezkoa, eta bertan gerra zibilean Gipuzkoatik kanporatuak izan ziren emakumeen istorioak jaso ditu.