Santiagorako bide frantziarrean bizi izandako esperientzia birgogoratzeko hitzordua dute Goikobalu abesbatzakoek domekan. Santo Domingo de la Calzadako San Frantzisko elizan dute hitzordu nagusia, 13:30ean hasita. Besteak beste, Aita gurea, Loriak udan eta Mutil txaleko gorri abestiak eskainiko dituzte. Horren aurretik, baina, eguneko elizkizunean ere abestuko dute kanturik.
"Gogoz gaude. Aurtengoan ez dugu irteera askorik izan; halakoak ondo datozkigu gure abesteko nahia asetzeko", azaldu du Juan Antonio Barriocanalek, abesbatzako zuzendariak. Bide horretan, bada, Goikobalu abesbatzako 46 kidek esku hartuko dute emanaldian. "Zifra esanguratsua da. Orotara, 60 lagun inguru gaude abesbatzan; horietatik 40 inguru gara finkoak. Beraz, esan dezakegu talde polita osatu dugula domekako ekitaldirako", dio.
Horrez gain, aipatu beharrekoa da abesbatzako kideen ikasturtea ez dela San Frantzisko elizako emanaldiarekin bukatuko. Esaterako, kantu-potean esku hartuko dute azaroaren 22an. "Pote batzuk hartu bitartean kantuan egiteko aukera polita izaten da", argitu du zuzendariak.
Hamabost etapatan abestu
Esan bezala, duela urte batzuk Donejakue bideko zati batean bizi izandako esperientziari lotutako hitzordua da domekakoa. Zehatz esanda, 2009 eta 2015 bitartean, bide frantziarreko hamabost etapatan abestu zuten Goikobaluko kideek; tartean, Orreagan, Santo Domingo de la Calzadan eta Santiagon. Errioxako esperientzia errepikatuko dute, horrenbestez.