Azaroa hilabete oparoa izan ohi da euskal musikarendako; talde ugarik aprobetxatzen dute Durangoko Azoka euren uzta aurkezteko. Bada, horien artean da Governors musika talde arrasatearra: Z.E.R.O. bataiaturiko lana kaleratu berri du. Disko berriaz jardun du Juan Sangek, taldeko abeslariak.
Z.E.R.O. da zuen lan berria (Zikloari Ekin dio Rhinopalpak Ohartzerako).
Zero izena jarri gura genion diskoari, finean, ibilbidea berrekitea baitakar lan bakoitzak; baina, hala bataiaturiko diskoak egon bazeudela konturatu ginen, eta Zero horri bestelako esanahia emateko beharra ikusi genuen. Hortik Zikloari Ekin dio Rhinopalpak Ohartzerako izena. Tximeleta espezie bat da Rhinopalpa, heldutasunera heldu bitartean bizi etapa ezberdinak izan ohi dituena. Ibilbidea berrekitearen joko horretan, bada, identifikaturik sentitu ginen esaldiarekin.
Burezurra eta tximeleta uztartu dituzue diskoaren azalean.
Hala da. Bipolaritatea da disko honen funtsa, era askotako kantuak biltzen ditu, lasaiak eta azkarrak. Bada, azalean jada antzeman daiteke hori. Batetik, zerbait atsegina transmitituko luke tximeletak; eta burezurrak, bestetik, gaiztakeria kutsua emango lioke irudiari.
Azaldu egiguzu bipolaritatearen kontua...
Abesti kontrajarriak aurki daitezke lan berrian, bi muturretan leudekeenak. Batetik, abesti lasaiak aurki daitezke; entzungai dagoen Hezurraren kultura singlea da horren adierazgarri. Baina rock eta metal kutsuko kantu azkarrak ere baditugu. Finean, denbora batez agertokiak zapaldu gabe egon bagara ere, ez diogu abestiak sortzeari utzi. Bide horretan, esan dezakegu urte horietan [bi urte inguru] ereindakoaren uzta dela lan berria.
11 urteko ibilbidea daroazue soinean.
Doinuek nabari dute hori? Bai. Taldeok doinu ezberdinak dastatu beharra dugu, estilo zurrun batera mugatu gabe; eta hori bera da geuk egin duguna. Aldaketa zaleen gustukoa ez izatearen aukerak hor dirau; beraz, orain, euren erantzuna ikusi behar. Ez dakigu nora iritsiko garen, baina gozatzen dihardugu bitartean.
Taldekideei dagokienez ere izan duzue aldaketarik.
Bi gitarra jole berrirekin hasi dugu ibilbide berria; egonkortasun beharra genuen. Alegia, orain artean ezin izan dugu taldekide guztien konpromiso totalarekin jardun, zenbait kide bestelako proiektuetan murgilduta zeudelako. Azken finean, era guztietako lanak egin behar izaten ditugu; besteak beste, sare sozialak kudeatu eta kontzertuak lotu. Eta, hain zuzen, konpromiso handia eskatzen du horrek, duda barik.
Ibilbideak ibilbide, ahazteko zailak diren emanaldiak izaten dira sarri.
Hainbat dira. Tartean, ibilbidearen hasieran Latzenekin batera eskainitako kontzertua aipa daiteke; Bilboko Kafe Antzokian jardun genuen. Nolabait, esan dezakegu Governorsen aurkezpen moduko bat izan zela; emanaldi berezia, zalantza gabe.
Lan berria aurkezteko unea da orain, ezta?
Halaxe da. Bilbon egin genuen agerraldia; diskoaren atzean dagoen lana erakutsi genuen bertan, besteak beste. Orain, bada, aurrera begira dihardugu, aurkezpen birako kontzertuak lotzen. Horren bueltan, abenduaren 6rako dugu finkaturik lehenengo hitzordua: Durangoko Plateruena antzokian jardungo dugu, azokak sorrarazten duen giroan. Kontzertu berezia izango da, normalean baino luzeagoa. Bestetik, aurrerago iragarriko ditugu birako gainerako emanaldiak.