Yllana antzerki taldea eta Primital Broseko kideak batu egin dira The Primitals titulua daraman a cappella musika komedia dibertigarria sortzeko, eta domekan, azaroaren 12an, 19:30ean, Arrasateko Amaia Udal Antzokian izango dira ikuskizun hori aurkezten. Sarrerak 12 eurotan eskura daitezke, Ticket.kutxabank.es webgunean ere bai, eta dagoeneko hainbat saldu dira aldez aurretik.
The Primitals komedia musikatuan, Lurra izan daitekeen planeta bateko lau aborigenek agertoki bat erreklamatzen dute, ikus-entzuleak konkistatzeko gertu, hamaika generotako musikaz blai. Izan ere, ospetsuak diren pelikuletako soinu bandetako doinuak a cappella abesteaz gainera –Mission: Impossible; Kill Bill; eta E.T., besteak beste–, agertokietan arrakasta izan duten Carmina Burana eta Sweet Dreams obretako melodiak ere lantzen dituzte artistek oholtza gainean. Azken urteetan modan jarri den Game of Thrones telesaileko musikaz ere gozatu ahal izango dute ikus-entzuleek, be- tiere, umore kutsua kontuan hartzen duen ikuskizunean.
Horrenbestez, abesti entzutetsuen bertsio bereziak eskaintzeaz gainera, umorez beteko dute agertokia obrako lau protagonistek.
Esperientzia taula gainean
Yllana antzerki taldeak 1991 ezkero darama umorea taulaz taula zabaltzen. Ibilbide arrakastatsua izan dute eta dagoeneko 27 antzerki eta ikuskizun baino gehiago produzitu dituzte. Horrez gain, 40 herrialde baino gehiagotan aurkeztu dituzte euren lanak. Gaur egun, Juan Francisco Ramos, Marcos Ottone, Joseph O'Curneen –The Primitals ikuskizuneko zuzendaria– eta Fidel Fernandez dira Yllanako kideak.
Primital Bros taldeak, bestalde, urte gutxiago darama ager- tokietan, baina dagoeneko arrakasta handia izan duten The Hole eta El eXperimento lanetan parte hartu dute, besteak beste. Taldeko kideak Pedro Herrero, Adrian Garcia, Manu Pilas eta Iñigo Garcia eta Santi Ibarretxe bilbotarrak dira. Azken hori, Primitals Brosen sortzaile nagusia, Oskorri taldeko kide ohia ere bada.