Bilbon gaur goizean jakinarazi denez, Euskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak antolatutako Euskal Kazetaritza Sariak 2017, BBKren, Euskaltelen eta Bilboko Udalaren babesarekin, eta LOGI Expressen laguntzarekin egin direnak, badituzte irabazleak. Horien artean dago Ane Irazabal, Euskal Kazetariak atalean. Atal honetan, kazetaritzako lanbiderako eredu diren profesionalak saritzen dira, Euskadin, maila nazionalean edota nazioartean egindako lanagatik. Kasu honetan, guda eta gatazka zonaldeetan egindako lanagatik saritua izan da Ane Irazabal.
'Adierazpen askatasunaren Jose Maria Portell' saria Gervasio Sanchezi egokitu zaio, gatazka armatuetan egindako lanagatik. 'Ibilbide profesionala' ataleko saria berriz, Mariano Ferrer eta Iñaki Iriarterentzat izan da, Egin eta Deia egunkarien jaiotzaren 40. urteurrenean bi zuzendariak sarituz. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketak eraman du 'Pertsonaia/Giza instituzioari' saria, komunikabideekin duten harremanagatik eta komunikazio on baten bitartez, euskal kulturaren zati bat berreskuratzen laguntzeagatik. Azkenik, 'Kazetaritza Digitala' saria Mikel Iturralderentzat izan da Treneando blogagatik.
Sarituak Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat komunikabideetako ordezkariek osatutako epaimahai batek aukeratu ditu.