Bizitzako edozein erlaziotan bezala, musika taldeetan momentu onak eta txarrak daude. Hori kontuan izanik 20 urte betetzea marka esanguratsua da, eta hori ondo dakite Arkada Socialeko kideek.
Des-kontrolen entseguak ikustetik sortu zen Arkada Social. Zer aldatu da ordutik hona?
Egia esan, taldeko kideak ez dira asko mantendu, adibidez. Aldaketa asko egon dira hogei urte hauetan, baina, nire ustez, normala da, musika taldeetan asko gertatzen delako. Aldaketak, gainera, hoberako izan direla esango nuke. Norbaitek taldea utzi izan duenean zailtasunei aurre egin behar izan diegu, baina aurrera egitea lortu dugu. Hasieran daukazun ilusio hori ere aldatzen doa. Orain, ilusiorik ez zaigu falta, baina beste ilusio mota bat da, hasierakoarekin alderatzen baduzu.
Arkada Sozial taldearen formazioa gaur egun. Argazkia: Polikarpo 666
Aldatu diren gauzak aipatu dituzu, baina tarte honetan zer da mantendu dena?
Gure pentsatzeko modua. Pentsaera eta gure gauzak espresatzeko beharra ez da aldatu.
Lan berria daukazue esku artean: 20 urte eromena besarkatzen. Zer aurkituko dute bertan zaleek?
Hasierako ideia gure aurreko bost diskoetatik abesti batzuk aukeratzea eta bilduma bat egitea zen, disko bakoitzetik hiru abesti hartuta. Baina, horrez gain, abesti berriak ere sartu nahi genituen, abesti bilduma bat edozeinek egin baitezake etxean. Hiru abesti berri egiteko asmoarekin hasi ginen, baina, azkenean, sei izan dira. Horien artean dago Represión policial abestia, orain dela 18 urte egin baina sekula grabatu ez duguna.
Ibilbide musikalaren errepasoa egingo duzue, baina lan berriak izango du urte hauetako bizipenenentzako tartea ere?
Diskoek beti izaten dute liburuxka bat barruan, abestien letrekin edo argazkiekin. Kasu honetan, liburuxka diskoari itsatsita joango da, barruan urtez urte pilatu ditugun argazkiak, bizipenak eta anekdotak batuko dituena. Denetarik izango du.
Atera zenuten DVDaren antzera?
Bai. Taldeak hamar urte egin zituenean DVDa ateratzeko aukera suertatu zitzaigun, eta sekulakoa izan zen. Oraingoan, liburu formatuan dator, baina beste hamar urte hauetako esperientziak batuta.
Badakizue urte hauetan zenbat kontzertu eman dituzuen?
Bada, ez. Hainbeste dira eta... Zaila da kontatzea, ez dugulako maiztasun finko bat izan kontzertuei dagokienez. 2003 eta 2006 artean geldi egon ginen, eta 2010era arte ez genuen horrenbeste kontzertu ematen. Handik aurrera, urteko kontzertu kopurua hazten joan zen, eta Hil orduko bizi diskoarekin 40 kontzertu eman genituen urte bakarrean. Bitxia da hamasei urte igaro direla Euskal Herritik kanpo jotzeko aukera izan dugunera arte. Estatuan zehar, Frantzian eta Alemanian jotzeko aukera izan dugu azkenaldian, eta oso esperientzia onak izan dira guretzako.
20 urte. Zenbat gehiago?
Auskalo. Azken diskoaren estresarekin... nigatik, gaur bertan utziko nuke. Kar-kar.