Taldeak aurkeztu ostean, bigarren garaipena lortu du MUk Iturripen

Eneko Azurmendi 2017ko aza. 3a, 08:00

Eguaztenean egin zuten Ointxe!-ko talde argazkia, Iturripen. Argazkia: Bittor Munarriz.

2017-2018 denboraldian ariko diren talde guztien aurkezpena egin du aste honetan Ointxe!-k, Iturripen; aurkezpenaren ostean jokaturiko partiduan, aurtengo bigarren garaipena eskuratu MUk, Gimnastica Sport-Cafe taldearen aurka (73-70).

Eguaztenean egin zuen Ointxe! Saskibaloi Kirol Elkarteak aurtengo denboraldiaren aurkezpen ofiziala, eta kategoria ezberdinetan arituko diren jokalarien eta taldeen argazkia atera zuten.

300 jokalari inguru ditu Ointxe!-k denboraldi berri honetarako, 27 taldetan banatuta: 120 jokalari daude Saski Eskolan –horietatik, erdiak neskak–; Euskal Ligan hiru talde; Gipuzkoa mailan, errendimenduko sei talde infantiletan, kadeteetan eta juniorretan eta senior mailan hiru talde: EBAn, maila probintzialean eta hirugarren maila probintzialean. Guztira, 40 entrenatzaile arituko dira.

Bigarren garaipena

Taldeen aurkezpena egin ostean, partidu garrantzitsua jokatu zuen Iturripen, Gimnastica SportCafe aurkari zuzenaren aurka, eta, asko sufritu ostean, garaipena etxean gelditu zen (73-70). "Lehen laurdenean oso ondo jokatu dugu eta ia 20 puntuko aldea lortu dugu. Hala ere, eurek estrategia aldatu eta zonako defentsa erabiliz, zalantza asko eragin dizkigute. Hala ere, irabaztea lortu dugu, eta hori da garrantzitsuena, aurkari zuzena da eta", azaldu du Josu Larreategik, MUko entrenatzaileak.

Defentsako lanaren garrantzia azpimarratu du Larreategik. "Askoz intentsitate handiagoa nabaritu diet gaur jokalariei defentsan, eta hori izan da gakoetako bat", dio.

Domekan, Pielagosen aurka

Hurrengo partidua etxetik kanpo jokatuko dute arrasatearrek, Pas Pielagos taldearen aurka, domekan, 18:00etan. "Eskarmentu handiko taldea da. Etxean jokatzen dutenean oso indartsuak dira, eta oso zaila da haiei irabaztea. Gainera, dinamika onean daude, sailkapenaren goiko aldean. Hala ere, azken garaipen honek indarra eman digu. Horrenbestez, gure jokoa egitera joango gara eta ea partidu ona egiten dugun", nabarmendu du taldeko entrenatzaileak.

Hamabi jokalari, selekzioekin

Euskadiko Txapelketan, Ointxe!-ko hamabi jokalari aritu dira Gipuzkoako eta Arabako selekzioekin. Kadete mailako Gipuzkoako neskak txapeldun izan dira, Ointxe!-ko lau jokalarirekin: Irene Murua, Haizea Apellaniz, Naia Badiola eta Isabel Mbomio.

Mondragon Lingua babesle

2017-2018 denboraldian ere Mondragon Lingua izango da Saski Eskolaren babesle nagusia. "Harrobiarekin egiten dugun lana azpimarratu du Mondragon Linguak, eta benetan eskertu nahi diogu emandako laguntza", azaldu du Oihane Agirre presidenteak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak