Espainiako gerra, bakardadea, maitasun eza... Gloria Fuertesen poema intimoenak, handi bihurtu dira gaur Kulturaten. Mursego musikariaren eskutik, hitzok bigarren bizitza bat lortu dute.
Gero eta gertuago dagoen norbanako baten bihotz taupaden antzera, unetik unera ikuskizuna hazten joan da. Musikak ikuslea bereganatu du, eta erritmoak emozioak piztu dizkio. Oholtza gainean Mursego, eta harekin batera, bere marka bihurtu dituen hainbat instrumentu.
Eibartarrak bere bakardadean, Gloria Fuertesen memoria ekarri du gogora, eta ezezaguna zaigun idazle bat erakutsi du. Gaurkoa kontzertu bat baino, ikuskizun sentsorial bat izan da, Mursegok soilik sor dezakeen ikuskizun berezi horietakoa.
Ikuskizun gordina
Ikuskizun garratza da, eta Mursegoren erritmoek, Fuertesen hitzekin batuta, Kulturateko areto nagusia atzaparkatu dute. Silaba bakoitza entzuleen barruan sartu, eta erraz ahaztuko ez diren sentimenduak azaleratu ditu.