Azken Tokiko Gobernu Batzarrean jasotzen denez, Hirigintza Sailak aho batez onartu berri du Garibai etorbideko espaloia eta autobus eta taxi geltoki ingurunea berriro urbanizatzea.
Biteritik Iturbideraino
Hala, Biteri plazatik Iturbide egoitza amaitzen den zatirainoko zoladura eta saneamendu sarea berrituko dituzte. Honela azaldu ditu Ibon Arrupe Hirigintza zinegotziak esku-hartze hori egiteko arrazoiak: "Irisgarritasunaren hobekuntza nabarmena lortuko da lan hauek egin eta gero. Biteri plazatik Garibairantz dagoen saltoa kenduko da, baita kale horretan dauden banketxeetara, atarietara eta tabernetara sartzeko dauden koxkak ere. Hala ere, bertako banku eta komunak ez ditugu kenduko".
Bertako zoladurak urte asko dauzka eta higatuta dago, eta obra horrekin erabiltzaileen segurtasuna handituko da.
Argazkia: Irudian ikus daiteke lurzorua higatuta eta hondatuta dagoela gaur egun.
"Gaur egungo zoladura egoera txarrean dago. Hori dela eta, lurzoru irristagaitzago batekin ordezkatuko dugu. Horrez gain, ura eta saneamendua bezalako zerbitzu sareak ere berrituko ditugu" azaldu du Arrupek.
Lanak urte hasierarako
Proiektu hori egiteko lanak kontratatzeko espedientea onartuta dago. Lanek 187.112,62 euroko gehienezko kostua izango dute, BEZa barne 226.406,27, eta orain, enpresak aurkezteko tartea zabalik dago.
Lanek hamasei aste iraungo dute, eta 2018 hasieran hastea da asmoa. "Obrak urtarrilean edo otsailean hastea aurreikusten dugu".