Hileta zibilentzat beste leku baten beharra kuantifikatzeko plana

Xabi Gorostidi 2017ko urr. 26a, 16:18

EH Bilduk sinadura bilketa bat jarriko du martxan, eguraldi txarrarekin hileta zibilak egiteko leku "duina" eskatzeko. Aurrekontuetako emendakinetan bi aldiz ezezkoa jaso ostean erabaki dute bilketa egitea, herritarren sustengua kuantifikatzeko asmoz.

Gaur egun, Arrasaten, ukitu erlijioso gabeko hileta zibilak bi gunetan egin daitezke: lehengo hilerri zaharrean kokatuta dagoen Aldaiko gunean eta baita, aire zabalean, San Kristobalgo hilerrian ere.

Baina eguraldi txarra dagoen kasuetan, edo hiletak modu intimoagoan egin nahi duten horientzat, hutsunea ikusi zuen EH Bilduk. 2015ean gune estali bat egiteko proiektua egin zuten baina hauteskundeetan galtzaile izan ondoren bertan behera geratu zen.

"Gobernu aldaketarekin proposamen hori bertan behera gelditu zen, eta bi urtez EH Bilduk aurrekontuetan eskatu izan duen arren, ezezkoa jaso dugu. Berresten dugu, gure iritziz, herritarrek eskubidea dutela euren bizitza laikotasunez bizitzeko. Eta berresten dugu ezezkoak jaso arren beharrezko ikusten dugula hileta zibilak egin ahal izateko espazio berri bat behar dugula urte osoan zehar era duinean baliatu ahal izateko".

Sinadura kanpaina

Arrasateko EH Bilduk sinadura kanpaina egingo du hilabetez. "Herritarren sustengua nahi dugu eskubide honen gauzatzearen aldekotasuna kuantifikatzeko. Ez diogu gure buruari helbururik jarri sinadura kopuruari dagokionez, baina zifra esanguratsua espero dugu, edozelan ere".

Sinatzeko, adinez nagusia izatea eta Arrasaten erroldatutakoa egotea beharrezko baldintzak izango dira. Sinadurak batzeko lekuak eta orduak hauek:

Behin bilketa eginda, sinadurak Udalera eroango dira, herrian leku aproposa aurkitzeko ikerketa egin dadin eskatzeko. "Ez dugu leku konkretu bat proposatzen, eskatzen duguna da soluzioa aurkitzea gaiari".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak