Ogasun batzordean aurkeztu ostean, agerraldia egin zuten Maria Ubarretxenak eta Ander Garayk asteazkenean, Udal gobernuak 2018rako duen aurrekontu proiektua azaltzeko.
32.202.058 euro
Hori da datorren urteko gastuetara eta inbertsiotara Udalak bideratuko duen diru kopurua. Iazko zifra baino %2,61 handiagoa da, batez ere, Foru Fondotik jasoko den kopuruak eta obren zergatan batutakoak gora egin dutelako.
Enplegua eta gazteria
Aurrekontu handiagorekin asko dira gastu gaitasuna handituko duten Udaleko sailak, baina Maria Ubarretxenak enplegu eta gazteria sailetan egindako ahalegina nabarmendu zuen.
Enplegurako partida %10ean ego da, eta iaz egindako planak mantentzeaz gain, aurten 50.000 euro bideratuko dira herriko 25 langabe lan merkatura bideratzeko plan berezi baterako.
Gazteria sailean 450.000 euro egongo dira Gaztelan programarako, non Udalak %10a jarriko duen. Horrez gain, Erasmus Plus programarako 15.000 euroko diru partida izango da, eta iaz abiarazitako gazteen emantzipaziorako laguntzak bikoiztu egingo dituzte. Iaz 30.000 euro bideratu ziren hasiera batean, eta aurten, aldiz, 60.000 euro daude zeregin horretarako. Iaz egin bezala, kopurua txiki geratuz gero, partida hori handitzeko aukera ere aurreikusten da.
2018an hiru proiektu hastera
Legealdiko hiru "proiektu izar" direnen lanak datorren urtean hasiko dira; Juan Arzamendi Musika Etxea (1.230.000 euro), Kulturola eraikinaren birgaitzea (500.000 euro), eta Makatzenako igogailua (105.000). Azken honetan aipatu behar da, aurrekontu totala 1.105.000 eurokoa dela, eta iazko aurrekontuan 1.000.000 euro bideratu ostean, aurten falta diren 105.000ak jarriko direla.
Jolas parkeak eta gehiago
Lau jolas parke berrituko direla ere aurreratu zuten Udal gobernuko ordezkariek; Itxaropena parkea (140.000 euro), Biteri (120.000 euro), eta Nao Santiago eta Kurtzetxiki (125.000).
Datorren urterako beste egitasmoa batzuen artean daude, besteak beste, Antoñako hezegunea, turismo kooperatiboa sustatzeko plana edo kiroldegia bere osotasunean berritzeko proiektua idaztea. Kirol arloan ere aipatu beharra Mojategiko futbol zelaiko belarra eta Iturripeko kantxa lurzorua ere berrituko direla 2018an.
Orain oposizioaren txanda
Abenduaren 5eko osoko ohiko bilkuran onartuko dira 2018ko aurrekontuak, eta orain oposizioko alderdiek ekarpenak egiteko tartea izango dute.