Martxan daude Laboral Kutxaren sukurtsal berria izango direnaren lanak. Egun banku gehienak pilatzen diren kalean irekiko ditu ateak, banku kooperatibistaren egoitza berriak; Garibai kalean.
Iturriotz kalean kokatutako egoitza ordezkatzeko asmoz egingo dute. "Laboral Kutxaren lehen sukurtsala izan zen Iturriotzekoa, eta guretzako balio sinboliko handia du. Hala ere, denborak aurrera egin ahala zaharkituta geratzen joan da, eta horri konponbidea emateko asmoz dator sukurtsal berria" azaldu dute komunikazio arduradunek.
Egoitza berria, zerbitzu berdinak
Garibaieko egoitza berriak Iturriotzeko zerbitzu berdinak hartuko ditu barne. "Gaur egun lau zerbitzu mota eskaintzen ditu Iturriotzek; partikularrentzako banka, enpresentzako banka espezializatua, aseguruen salmenta eta aholkularitza zerbitzua, eta Debagoieneko zonaldeko zuzendaritza. Guzti horiek eskainiko ditugu Garibaien, baina azpiegitura berriekin".
Iturriotz, egoitza "historikoa"
1961eko irailean inauguratu zen Iturriotzeko sukurtsala, eta 1981era arte San Jose kontsumo kooperatibarekin (gaur egungo Eroski) elkarbanatu zituzten bertako bi pisuak. 56 urte pasa dira zabaldu zenetik, eta gaur egun 320 sukurtsal inguru ditu banku kooperatiboak.