"Ea lortzen dugun falta diren horiek animatzea"

Eneko Azurmendi 2017ko urr. 20a, 10:34

Igor Isasi, Mojategin.

Ekainean aurreikusi zuten 25 jokalarik izango zutela fitxa denboraldi honetarako, eta gaur egun, horietako bostek ez dute fitxarik; haiek konbentzitu nahian dabil taldea. Pasa den asteburuan atsedena izan ostean, liderraren aurka jokatuko du Kanpanzar ARTk bihar, 16:00etan, Mojategin.

Hasi eta berehala asteburu bateko atsedena eskertuko da, ezta?

Bai. Halako atsedenaldi gehiagok mesede egingo ligukete. Izan ere, jendez justu gabiltza eta errekuperatzeko oso ondo etortzen zaigu.

Lehenengo bi jardunaldietan, bata irabazi eta bestea galdu.

Bai. Positiboki baloratzen dut denboraldi hasiera hau, batez ere, jokalariek eman duten mailagatik. Lehenengo partidua Baztanen jokatu genuen. 16 jokalarirekin joan ginen, eta eurak ere justu zebiltzan jendez. Irabaztea lortu genuen, bonusarekin, eta sentsazio onekin, gainera. Beldur apur bat geneukan, lehenengo partidua zelako kategoria berri batean. Baina motibazio eta indar handia eman zigun irabazteak.

Bigarrena galdu.

Bigarrena Maritxu Kajoi asteburuan izan zen, horrek dakarren guztiarekin. Hala ere, jokalariak zentratuta etorri ziren, eta zuten guztia eman zuten zelaian. Partidu osoan zehar egon ginen lehiatzen, aurretik ere joan ginen zenbait momentutan, baina azkeneneko minutuetan ihes egin zigun partiduak.

Hala ere, denboraldia hasi besterik ez da egin.

Bai. Gure helburua, orain, taldeak ezagutzea da, ez ditugu-eta ezagutzen. Kategoria berri hau oraindik ezezaguna da guretzat eta astez aste etorriko zaigunaren esperoan egoten gara. Aste honetan liderra dator, maila bat gorago ere egon izan dira; beraz, badakigu talde indartsua izango dela eta oso partidu zaila izango dela. Hori jakinda, helburua jenderik ez lesionatzea izango da, larri gabiltzala kontuan hartuta.

Erronkaz beteriko denboraldia duzue aurretik. Aipatu duzu talde berriak direla. Horrek nola eragiten du zuen egunerokotasunean?

Entrenamenduetara ahalik eta jende gehien etortzea ezinbestekoa da. Batzuek ezin izaten dute, lana edota ikasketak direla eta. Hala ere, astez aste baikorrak izatea eta gogor lan egitea tokatzen zaigu. Debekatuta daukate kexatzea. Egoera zailenetan umore ona atera behar dugu, eta elkar animatu.

Gogorra izango da denboraldia.

Bai. Batez ere, daukagun jokalari kopuru aldetik. Horrek asko markatuko gaitu. Hasiera batean, ekainean, txapelketa amaitu ostean, batu egin ginen eta aurten fitxa ateratzeko izenak eman ziren. 25 jokalari inguru genituen, baina horietako lauk edo bostek diote oraingoz ez dutela fitxa egin gura, eta horrek asko mugatzen gaitu. 20 fitxa ditugu, baina orain arteko bi partiduetara 16 jokalarirekin joan gara, aldaketa bakarrarekin. Gordina badirudi ere, orain, sufritzen ari gara eta izena eman zuten horiek kontuan hartuko beharko lukete hori, gainontzeko jokalariengatik bada ere.

Eta hori, talde indartsuen aurka, gehiago nabarituko duzue.

Argi eta garbi. Lau aldaketarekin nahiko eroso zabiltza, aldaketak nahi direnean egiten direlako errugbian eta horrek aukera handiak ematen dituelako. Baina jokalari guztiek partidu osoa jokatu beharra izaten badute, nekea asko nabaritzen da. Beraz, ekainean izena eman zuten horien atzetik gabiltza, matraka ematen, ea animatzen diren.

Jokalari kopuru horrengatik –25– animatu zineten kategoria berri honetan hastea?

Bai, noski. Jakin izan bagenu 20 jokalari izan behar genituela, bi aldiz pentsatu behar izango genuen. Azken finean, jendea lesionatzen doa, partidu bakoitzean karga handitzen joaten da eta hori asko nabarituko da denboraldia aurrera joan ahala.

Hori guztia kontuan hartuta, disfrutatu ahal izango duzue?

Bai. Aurreko astean, galdu arren, jendeak disfrutatu egin zuen. 12-13 jokalari ditugu entrenamendu eta partidu guztietara etortzen direnak eta horiek nahi izaten dute partidu lehiatu bat jokatu, erraz irabazi baino. Beraz, alde horretatik, disfrutatu egin dugu orain arte.

Partiduetan lehiatzea garrantzitsua izango da zuentzat.

Badakigu sei bat talderi, gutxienez, aurre egin diezaiekegula seguru; etxean, behintzat. Gero, beste lau bat talde daude maila bat gorago daukatenak.

Beraz, helburua da liga baten barruan dagoen bestelako liga horretan lehiakor izatea.

Hori da. Sei talde horien aurkako partiduak irabazten saiatzea izango da helburua, eta beste partiduetan ahalik eta jende gutxien lesionatzea.

Mojategi da zuen indargunea?

Argi dago baietz. Entrenatzen den lekuan beti abantaila duzu, eta, gure kasuan, belar artifiziala izanda, areago. Belar naturalean askoz joko motelagoa da; euria eta lokatza egoten bada, orduan eta motelagoa, eta horrek guri kalte egiten digu, talde arina eta bizkorra daukagulako.

Asteburu honetan liderra hartuko duzue etxean, La Unica taldea. Oso partidu zaila.

Talde honek Ohorezko Mailan jokatu izan du. Oso indartsuak dira eta haien helburua mailaz igotzeko play-off-a jokatzea da. Beraz, ahal den heinean, disfrutatzen saiatuko gara, baina garrantzitsuena, lehen esan bezala, inor ez lesionatzea izango da, kontuan izanda oso zaila izango dela irabaztea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak