Bibliotekaren Egunaren bueltan, hainbat hitzordu

Imanol Beloki Unamuno 2017ko urr. 20a, 10:21

Asun Agiriano, Udal Bibliotekako liburuzaina. Argazkia: Nissren Sifer

Urriaren 24an izango den Bibliotekaren Egunaren harira hainbat ekintza antolatu dituzte: giza biblioteka, 'Iraungorriko Marimiri' itzal-txotxongilo antzezlana eta Mursegoren eskutik Gloria Fuertes idazlearen gaineko emanaldia, hain zuzen ere.

Bibliotekaren Eguna urriaren 24an da, eta 1997a ezkero ospatzen da Estatu osoan. Horren harira, hainbat hitzordu antolatu dituzte, Arrasateko gizarteari irakurtzearen garrantzia gogorarazteko eta bibliotekarien lana goraipatzeko asmoz, besteak beste.

Urriaren 24an, martitzenean, Ekin Emakumeek, Gizarte Zerbitzuek eta Udal Bibliotekak elkarlanean egindako giza biblioteka izango da Kulturaten, 18:00etatik 20:00etara bitartean. "Kulturaten hainbat herritar batuko dira, eta beraien bizipenak kontatuz liburu bat egingo dute. Hala, pertsonak liburuak izango dira; izan ere, pertsonaliburuak ez dira irakurtzeko, entzuteko baizik…", adierazi du Asun Agirianok, Udal Bibliotekako liburuzainak.

Pertsona bakoitzak bere historiari izenburu bat jarriko dio, eta, oraingoz, hauek dira liburuen izenburuak eta bertan izango diren pertsona batzuk: Diario de una inmigrante empoderada, Djamila Zereiby –gaztelaniaz eta arabieraz–; Urrutira joan, gertuago egon: familia ugari baten bidaiak, Juanma Urrutia –euskaraz eta gaztelaniaz–; Koruetako auzo eskola 1947tik 1954ra, Esther Goikolea –euskaraz eta gaztelaniaz–...

Auzo-bibliotekan antzezlana

Urriaren 26an, Zurrunka Teatro taldeak Iraungorriko Marimiri! itzal-txotxongilo antzezlana eskainiko du Santa Marinako auzo-bibliotekan. 18:00etan izango da, eta 3 urtetik gorako haurrentzat eta helduentzat zuzenduta dago. "Beti saiatu izan gara auzo-liburutegira ekintzaren bat eramaten. Apirilean, Zurrunka taldeak tailerra eskaini zuen Santa Marinan, eta antzerki hau tailer horren jarraipena da", adierazi du Agirianok.

Gloria Fuertes: 100 urte jaio zela

Amaitzeko, urriaren 27an, egubakoitzean, Maite Arroitajauregi eibartarrak, Mursegok, Gloria Fuertes idazlearen gaineko emanaldia eskainiko du Kulturateko areto nagusian. Idazlearen Historias de Gloria: amor, humor y desamor laneko poemak hartu ditu ekitaldi horretarako. 19:30etik 21:30era arte iraungo du emanaldiak, eta helduentzat zuzendutako hitzordua izango da. Gloria Fuertes idazle madrildarra omentzeko antolatu dute ekimen hori. Izan ere, jaio zenetik 100 urte betetzen dira.

Bibliotekaren Eguna literaturarekin lotutako ekintza ezberdinekin antolatu dute, eta, hain zuzen ere, antolatzaileek herritarrei gonbidapena egin diete bertara daitezen. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak