Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Arrasateko, Azkoitiko, Hondarribiko, Irungo eta Zarauzko udalek sustatzen duten musika programa da Gaztemaniak. Ekimenaren helburua, bereziki gazteei, eskaintza komertzialetik kanpo dauden korronte artistikoetako taldeen emanaldiak eskaintzea da.
Orain dela 24 urte sortu zuten, eta ordutik da ekimeneko programatzailea Forki, eskarmentu handiko irrati esataria. "Kontzertu bereziak antolatzea izan da hasieratik asmoa; hemen entzuten ez ziren musikariak ekartzen saiatzen ginen. Gauzak asko aldatu egin dira; musika independentea entzuteko eskaintza handiagoa dago, baina helburu berarekin jarraitzen dugu gaur egun ere. Ez da samurra izaten eta proposamen berriek sarritan ez dute gura besteko erantzunik jasotzen. Gure erronka hori da, agertokian dagoena ezagutu barik ere, jendea kontzertuak ikustera joatea".
Argentinatik, 22 urteko rapera
Dozena bat kontzertu antolatzen dituzte urtean. Herri bakoitzeko bina; horietako bat Foru Aldundiak ordaintzen du eta bestea Udalak. Atzerriko taldeak ekartzeko inguruan egiten dituzten birak aprobetxatzen dituzte. Hori horrela, Nathy Peluso bihar Bilbon izango zela-eta, eskaintza jaso zuten zapatuan Arrasatera eramateko. "Oso erreferentzia onak jaso ditugu. Hip hop berria, berezia, da. Eragin musikal bitxiak ditu: jazz, soul, swing...", dio programatzaileak.
Askotariko iturrietatik edaten duen musikaria da; bizitza oso nomada izan du, eta 22 urte besterik ez dituen arren, musika aldizkari eta kritikari askoren gustuko da.
Gipuzkoako musikariei tokia
Bertako musikariei ere jotzeko aukera ematea izan da, Gaztemaniak-ek hasieratik izan duen beste helburu bat. Oraingoan, euskal rap mugimenduan beteranoak diren Norzzone eta Fanik osatzen duten Nizuri Tazuneri Donostiako bikotea izango da telonero. "Nathy ekarrita, agertokian beste neska bat izatea nahi genuen eta Fanik egongo da. 2014an sortutako bikotea da eta bi lan ditu kalean. Euskaraz abesten dute. Ikustekoak izango da horien kontzertua ere".