Juan Alvarez topatzeko bilaketak arrasto garbirik eman ez arren, gaur, domeka, arrasatearra topatzeko ahaleginekin jarraituko dute. 7:30ean Iturripetik irtengo da dispositiboa eta koordinazio bileran azaldu dutenez, parte hartu nahi duten herritarrek Uribe auzoko kirol gunera gerturatu beharko dira. Bilaketaren koordinatzaileek, posible dutenek, 4 x4 ibilgailuak eroatea eskatu dute.
Arrasto garbirik ez
Zapatu osoan zehar boluntario eta ertzainek Besaide, Udalatx eta Anboto mendiak miatu eta gero, Juan Alvarez bertan dagoen ziurtatzen duen arrasto faltagatik, 15:00etan bilaketa eten dute. Ertzaitzatik adierazi dutenez, iluntzera arte, helikopteroa eta patruila batzuk inguruan jarraituko dute, baina bilaketa dispositiboa eten egin dute.
Arrasatearrak Anbotora joateko ohitura handia zuenez, bilaketa Udalatx, Besaide eta Anboto mendietan zentratu da.
Bilaketaren eremua mugatua ez dagoenez, eta inguru kobazulo eta amildegiak miatu eta gero, bilaketa dispositibo bertan behera lagatzea erabaki dute.
Familiak adierazi duenez, Alvarez bere telefono mugikorrarekin irten zen eguenean etxetik, baina ordutik ez dute berarekin konektatu.
Eguenetik desagertuta
Ertzaintzaren arabera, etxetik falta zela ikusita, senideek larrialdi zerbitzuak ohartarazi zituzten eguenean. Familiak azaldutakoaren arabera, mendira joan zen goizean. Gauean, baina, etxera itzuli ez zela ikusita, familiakoak arduratu egin ziren, eta 23:00ak aldera abisua eman zuten. Salaketa baina gaur goizean gauzatu dute.
Momentuz, Ertzaintzako kideek Udalatx eta Besaide mendietan hasiko dute bilaketa, nahiz eta familiak zehaztu duenez, Anbotora joateko ohitura ere bazuen.
Norbaitek daturen bat edo zerbait ikusten badu, 112 zenbakira deitzeko eskatu dute.