Arrasateko oposizioko hiru alderdiek mezu bateratua plazaratu dute aste honetan, Udal Bibliotekako zerbitzu publikoetan izandako "murrizketa" bat salatzeko. Bertan azaltzen zenez, gehiengo sindikala duten ELA eta LAB sindikatuek iritzi bera azaldu dute udaletxean eginiko azken Pertsonal Batzordean.
Hain zuzen ere, Bibliotekako ordenagailuetako aholku zerbitzua kentzea da salatu dutena, baita lan-karga hori Bibliotekako gainontzeko langileen gain uztea, "lanorduen gehikuntzarik egin gabe".
Zerbitzu hori eskaintzeko bi langile zeuden urtarrilaren 18ra arte: bata goizez eta bestea arratsaldez. Baina ordenagailuetako erabiltzaileak autonomoak zirela iritzia, lanpostu hori iraungitzea proposatu zen eta alderdi guztien babesarekin onartu zen abenduaren 20an egindako osoko bilkuran.
Udal Gobernuaren erantzuna
Udal Gobernuak hau erantzun du: "Proposamen horren alde botatu ondoren, harritu egiten gaitu oposizioa erabaki horren aurka azaltzeak".
Bibliotekako langileekin batzartu ostean, ekainean, lau hilabeterako langile bat kontratatzea erabaki zen, ordenagailuen kudeaketan sortzen eta jasotzen diren intzidentziak zenbatzeko. Lanpostua beharrezkoa den edo ez ebaluatzea zen asmoa, baina Bibliotekako langileek salatu zuten udako hilabeteak ez zirela horretarako aproposenak. Jasotako datuekin, Udalak egokitzat jo du goizez zegoen langilea behar handiagoko beste sail batera bideratzea.