Erasoan zein defentsan, bietan maila ona duela onartu du estatubatuarrak, eta taldeari ahalik eta gehien lagundu gura diola adierazi du. "Taldean paper garrantzitsua izan nahi dut. Partiduko 25-30 puntu sartzea espero dut, taldeari ahalik eta gehien laguntzeko. Taldeari dagokionez, espero dut partidu asko irabaztea eta partidu guztietan garaipena lortzeko borrokan ibiltzea", azaldu du estatubatuarrak.
Bere lehen esperientzia izango da Europan, eta aurtengo denboraldia tranpolin moduan erabili gura du. "Nire asmoa da hemen gauzak ahalik eta ondoen egitea, ondoren liga hobe batean jokatu ahal izateko eta nire ibilbide profesionala aberasteko", azpimarratu du.
Arrasaten denbora laburra darama oraindik. Hala ere, oso gustura dago: "Oraingoz, oso gustura nago Arrasaten. Herri lasaia da eta bertako jendea oso gertukoa eta adeitsua dela iruditu zait. Desberdina da. Gainera, hemengo jana asko gustatu zait", dio.
Bihar, Valladolid aurkari
Lehenengo partidua galdu ostean –Grupo de Santiago Automocion taldearen aurka 87-73 galdu zuen pasa den astean–, denboraldiko lehen garaipena eskuratzen saiatuko da MU, Universidad de Valladolid taldearen aurka. Bihar, eguena, izango da hori, 18:30ean, Iturripen.
Harmailak beteta ikusi gurako lituzke Oihane Agirrek, Ointxe!-ko presidenteak. "Bihar denboraldiko lehen garaipena eskuratu behar dugu, eta horretarako guztion beharra egongo da", adierazi du.
Bazkide kanpaina zabalik
Urteroko moduan, bazkide kanpaina zabaldu du Ointxe!-k, denboraldi berrirako. "Bazkide egin nahi duenak biharko partiduan izango du aukera, Iturripen bertan. Gainera, txartelak jasotzeko aukera ere izango dute egungo bazkideek", adierazi du Agirrek. Urtean 30 euroko kuota ordaindu beharko du bazkide izan nahi duenak.