Iaz bere lekua utzi eta Debagoieneko hainbat txoko bisitatu zituen Maritxuk. Aurten ez du halakorik egin, baina egun handia baino astebete lehenago, omenaldi berezia egin zion Maritxu Komisiñuek, txikiteroen patroiaren eguna antolatzeko estalpe izan den Arrano Elkarteari. "Herrigintzarako leku estrategikoa izan da eta aurten oso garbi geneukan enbutua Arrano Elkarteak jasoko zuela" azaldu du Iraitz Agirrek Komisiñoko kideak.
Eskapularioak, berriz, urtean zehar izandako gertaerei erreferentzia egiteko joera du, eta aurten, Altsasuko gazteen atxiloketan jarri du fokua: Festa gaueko afera, testuinguruz atera eta puzturik sobera, Espainiak berriz azaldu mendekuzko izaera, ondorioa hauxe da, Guardia Zibila etxera eta altsasuarrak kalera. Altsasuko gertakariez gain, Maria Murgoitioren "duintasunari" eta Trumpi, Venezuelari eta Kataluniako erreferendumari ere egin dizkiete keinuak Komisiñokoek.
Bi manifestazio
Iaz lehen aldiz, manifestazioa egin zuen Arrasateko Emakume Gazte Asanbladak, Gaba ta kaleak guriek die lelopean. Aurten ere egingo dute, 00:00etan, txosnetatik abiatuta.
Baina baliteke bakarra ez izatea. Herriko tabernariek kañaren eta zuritoaren prezioa berriki igo izanak haserrea piztu du garagardo zaleen artean. Hala manifestazio baterako deia zabaldu da Whatsappez, DATetik Taupara karro poteoan joateko. 13:00etan da hitzordua, eta poteo duin bat aldarrikatuko dute "txinoko garagardo latak" edanez.