Gura baino ezuste gehiago izan ditu Mondragon Unibertsitateak denboraldi-aurrean; lesio ugari, hain zuzen ere. "Arejok lesioa du orkatilan eta ikusteko dago ebakuntza egin beharko dioten edo ez. Horrekin batera, Martxelek arazo fisikoak izan ditu, eta, Gasteiztik etorri diren fitxaketen artean, Diegok min hartu du eskumuturrean. Ezbehar horiei aurre egiten ahalegindu gara hilabete honetan; hori guztia kontuan izanda Euskal Kopan lan txukuna egin genuela uste dut, taldea lehiakorra izan zelako, eta zapatutik aurrera hasten da benetako lana", adierazi dio GOIENAri Josu Larreategik, aste barruan.
Arrasatearrek Burgosen jokatuko dute bihar, arratsaldeko zortzietan: "Kantxa oso polita da, zoru ona... Halakoetan, jokalariei esaten diet gozatzera kantxaratu daitezela, disfruta dezatela. Entzun dut ondo indartu den taldea dela Burgoskoa, Kroaziatik pare bat jokalari ekarri dituzte, eta azken hilabetean oso lan ona egin dute. Sailkapenean erditik gora ibiliko dira horiek".