Agirrek azpimarratu du elkartea "osasuntsu" dagoela, eta hura ere gustura dago presidente moduan, nahiz eta aitortu duen "esfortzu eta denbora asko" eskatzen duen lana dela, guztiz borondatezkoa.
Nola baloratzen duzu 2016-2017 denboraldia?
Kirol arloari dagokionez, ezin hobea izan zen pasa den denboraldia. Seniorrak liga irabazi zuten eta Euskal Ligako lehen mailara igo ziren. Beraz, oso pozik gaude horrekin. Arlo ekonomikoari dagokionez, berriz, ez zen hain ondo joan. Izan ere, gure diru iturri nagusia Garagardo Azoka izaten da, eta, eguraldi txarraren ondorioz, ez genuen hainbeste diru lortu, eta hori nabaritu egin dugu.
Ekonomikoki estu samar, beraz?
Ez. Ez dut uste azpimarratzeko zerbait denik. Osasuntsu dagoen elkartea da gurea, ez dugu inongo zorrik eta finkatutako helburuak bete ditzakegu.
Bazkide kopuruari dagokionez, zer moduz dago elkartea?
Zuzendaritzan sei pertsona gaude eta 79 bazkide gara. Bazkide oso finkoak ditugu, urtetik urtera kopuru hori mantendu egiten dugu eta nik uste dut ez dela batere kopuru txarra.
Datorren denboraldiari begira, ze helburu finkatu dituzue?
Helburu orokorrak urtero izaten dira berberak, ez dira aldatzen: harrobia landu, jokalariak trebatu, gure balioak transmititu, jokalariei epaile edota entrenatzaile izateko ikastaroak eskaini eta, ahal bada, jokalari berriak lortu. Nagusiki, horiek dira finkatutako helburuak.
Eta kirol arloan? Senior mailako taldeak Lehen Mailan jokatuko du.
Oso denboraldi gogorra eta luzea daukate aurretik, eta urtea bukatzea nahikoa izango litzateke. Helburua, berez, mailari eustea izango da, baina badakigu oso zaila izango dela hori. Beraz, denboraldia ahalik eta txukunen bukatzea eta ahalik eta lesio gutxien sufritzea izango da lehentasuna. Gainera, aurkari asko ez ditugu ezagutzen. Beraz, joango gara ikusten, pixkana.
Gainontzean, harrobiari garrantzia ematen jarraituko duzue?
Beheko kategorietan, daukaguna mantentzea izango da helburua. 18 urtez azpikoen taldea badugu; 16 eta 14 urtez azpikoek Ordizian jokatuko dute, ez dugulako taldea osatzerik lortu, eta 12 eta 10 urtez azpikoen taldea ere badaukagu, kirol eskolan. Beraz, oso pozik gaude daukagunarekin. Hala ere, lanean jarraituko dugu jende gehiago batu dadin eta 16 eta 14 urtez azpikoetan taldea osatu ahal izan dezagun.
Batzar orokorreko irudi bat.
Etzi, etxeko lehen partidua
Ekin dio denboraldiari Kanpanzar ARTk. Pasa den asteburuan 15-27 irabazi zuten lehen partidua Baztanen, BRT Menditarrak taldearen aurka. Domekan, Atletico San Sebastianen aurka jokatuko dute, 13:00etan Mojategin. "Oso partidu fisikoa izan zen. Ez genuen irabazterik espero baina lortu genuen. Domekakoa ere zaila izango da eta ikusiko dugu ze maila emateko gai garen. Denboraldi gogorra izango da eta etxeko partiduek garrantzia handia izango dute aurten", azaldu du Julen Barrutia jokalariak.