Soinketako irakasle batek 11 urteko mutiko baten gorpua aurkitu du gimnasioko sokatik urkatuta. Horrela abiatzen da Tanttaka antzerki taldearen Soka antzezlana. Zinemagintzan eskarmentua duen Mikel Gurreak antzerkirako idatzi duen lehenengo lana da, eta, haren esanetan, "eskolan jazarpena sufritu eta jasaten dutenak, horien senideak eta horri aurre egiteko lanean ari diren guztiak" hartu nahi izan ditu gogoan.
Tanttakarekin egiten duen laugarren lana da Iñaki Rikarterentzako. Hura da agertokian dagoen aktore bakarra. "Gorpua aurkitzen duenean, gertatutakoaren errudun sentituko da. Agertokian gorpuzten dudan pertsonaia bakarra da Igor, eta haren begietatik kontatuko dut istorioa; hala ere, hamahiru pertsonaia agertzen dira istorioan eta horiek guztiak ere iradokitzen ditut, euren ahotik hitz egiten dut".
Musika gutxi badago ere, soinuak pisu handia duela dio aktoreak. "Protagonistaren irudiekin osatutako ikus-entzunezkoak ere badira, zuri-beltzean, eta agertokian osagai gutxi: soka eta aulki batzuk besterik ez".