Meauxko espetxetik irten zen Kepa Arkauz, irailaren 21ean, aurretik Villepinteko espetxean egon zen, gainontzeko presoengandik bakartuta.
Frantzian preso egon izanagatik, herrialde horretatik kanpo bizitzeko baldintzapean geratu zen aske. Hala, Arrasateko errolda-agiria helarazi du Frantziako espetxeetako zuzendaritzara. Ostiral goizaldean Arrasatera heldu ostean, arratsaldean ongietorri beroa jaso zuen, bertsoen, aurreskuen eta besarkaden artean.
Beste sei preso arrasatear
Orain, sei arrasatear daude kartzelan. Horietatik hiru aurten irtengo dira, eta urte gehien daramatzaten Josu Arkauz eta Unai Parot presoen "salbuespen egoera" salatu dute. 26 eta 27 urte daramatzate kartzelan, hurrenez hurren, eta oraindik zehaztu gabe noiz aterako diren. Behin baino gehiagotan salatu dutenez, Europar legediak hala eskatu arren, ez dizkiete Frantzian preso egindako urteak kontuan hartzen.