Erresistentzia probara, "buruarekin lehiatzera"

Xabier Urtzelai 2017ko ira. 28a, 16:17

Xabier Fernandez Purito-k Espainiako Erresistentzia Lasterketan hartuko du esku urriaren 14ko eta 15eko asteburuan. Bi lasterketa egingo dituzte, eta ordubeteko proban aurreko postuetan egoteko lehian egon gura du.

"Aitortu behar dut niri esprinteko lasterketak gustatzen zaizkidala, horiek motibatzen naute gehien, baina Espainiako Erresistentzia proban lehiatzea erronka da niretako, azkar baino gehiago, buruarekin gidatu behar delako, eta kalkulagailuarekin eskuan", dio Xabier Fernandez Purito-k –lasterketarako 15 egun geratzen dira–.

Arrasatekoarendako benetako erronka irteera puntuan egon ahal izatea da, eta autoa puntuan izatea ez da merkea. Bost lasterketak osatzen dute CER –Campeonato de España de Reistencia–, eta bi aste barru Nafarroako zirkuituan egingo dutena egutegiko azkena izango da, aurrekoak Jaraman (Madrid), Montmelon (Bartzelona), Ricardo Tormon (Valentzia) eta Motorlanden (Aragoi) egin eta gero: "Ilusio handiarekin goaz; izan ere, autoak urte osoan ez dit batere arazorik eman eta nik uste dut zapatuko lasterketan, ordubetekoan, zorte apur batekin aurrealdekoen borrokan ibil gaitezkeela. Ikusteko dagoena da domekako lasterketara, bi ordukora, bai ni eta bai autoa zelan iristen garen". 

Erregulartasunean dago gakoa 

Zapatuko lasterketara begira aurrean ibiltzeko ezinbestean egin behar da sailkapen txanda ona: "Hor bai, hor derrigor estutu behar da autoa; behin lasterketa hasita, erritmo azkarra hartzea komeni da, baina hori baino gehiago, erregularra izatea itzuli guztietan, denbora antzerakoak egitea. Gasolinaren kontsumoa asko zaindu beharko dugu; izan ere, depositu bakarrarekin egin gura dut lasterketa. Gasolina botatzera boxetara sartu behar badut, jai dut, aurrean ibiltzeko aukera guztiak joango zaizkit; horregatik, ezin dut modu agresiboan gidatu, buruarekin ibili behar dut, eta gurpilak ere zaindu egin beharko ditugu, nahiz eta domekako lasterketan are eta garrantzitsuagoa izango den gurpilak ondo zaintzea". 

Pilotu bakarra 

CER lasterketan pilotuz aldatzeko aukera dute parte-hartzaileek, "Baina nik bakarrik egingo dut lasterketa, eta bakarrik egiten dugunoi, boxetara sartzen ez garenoi, 90 segundo gehitzen dizkigute; pilotua aldatzeko behar den denbora, alegia. 

Zapatuko lasterketaren ostean, baina, lanak ez dira amaituko: "Ea zelan amaitzen dugun lasterketa. Kolpeak egoten dira, autoak arazoak izan ditzake... Baliteke lasterketa amaitu ostean lan egin behar izatea domekan ostera ere autoa puntuan jartzeko. Guztira, lauzpabost mekaniko izango ditut nirekin, eta ea ez dugun aparteko lanik egin behar lasterketa batetik bestera, seinale ona izango litzateke hori.

Domekan bi ordu 

Domekako lasterketa erronka handiagoa izango da, lan bikoitza izango du-eta aurretik: "Nik zapatukoari ematen diot garrantzia, hor egin gura dut lan ona, eta hor ditut benetako aukerak. Domekan, berriz, zalantza handiagoak izango ditugu. Batetik, pilotu bakarra naizenez, gaitza da bi orduan erabat kontzentratuta egotea. Pentsa, nekeak jota itzuli bakoitzeko segundo erdi galtzen badut, sekulako galera izango dut. Bestetik, lasterketako estrategiak garrantzi handiagoa izango du domekan, apur bat motelago ibili eta gurpilak ez aldatzen ahalegindu, erasokorrago pilotatu eta gurpil aldaketa bat programatu...".

CER-en 40-50 autok batera hasiko dute lasterketa; tartean egongo dira Porsche GT, Ferrari eta halako auto potoloak, baina gero, kategoriaka banatzen dituzte denak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak