Askotariko kultur ekintzak urrian zehar

Jokin Guridi 2017ko ira. 28a, 10:31
'Martinak bere istorioa aurkitu zuenekoa' antzezlanaren momentu bat.

Amaia Antzokia eta Kulturateren artean banatuko dira ikuskizun guztiak. Hilabetean zehar zinea, antzerkia, musika eta bestelako ekintza kulturalak bildu baitu Arrasateko Udalak urriko kultura gidan. 

Zinemak izango du presentzia nabarmenena urrian zehar, astearteko zinea, asteburukoa eta haurrentzat zuzendua denaren baturak 14 film ikusteko aukera eskainiko baitu Amaia Antzokian. Tartean, Donostia Zinemaldian estreinatu berri den Handia filma, edota Juan Bautista Berasateguiren Nur eta Herensugearen Tenplua

Ikus-entzunekoei dagokionez, zinemaz gain antzerkia ikusteko aukera ere egongo da hurrengo hilabetean. Tanttaka antzerki taldeak Soka izeneko obra ekarriko du Amaia Antzokira urriaren 8an, soinketako irakasle baten errua eta erantzukizunaren arteko hausnarketa. Haurrek, urriaren 28an izango dute antzerkiarekin hitzordua, Martinak bere istorioa aurkitu zuenekoa obra eskainiko baitu Maumak. Bertan, genero-identitatea haurtzaroan jorratzen da hegazkinak pilotatu nahi dituen Martinaren istorioan. Honetaz gain, Erradikalak gara! ikuskizuna eskainiko dute Ane Labakak eta Beatriz Egizabalek, urriaren 20an, antzerkia, ipuin kontaketa eta bertsolaritzaren artean mugitzen den ikuskizuna.

Musikak ere izango du bere tartea, Nathy Peluso eta Nizuri Tazuneri artisten hip hop doinuak entzuteko aukera izango baita urriaren 21ean. Lehena, Argentinan jaiotako nomada musikala da, musika beltzetik edaten duen emakumea, eta horren gainean bere errimak botatzen dituena. Bigarrena berriz, euskarazko rapean ezagunak diren Norzzone eta Faniren proiektua da, Hawa eta Maisha ekoizleekin elkarturik. 

Azkenik, egitraua osatzen dute Emeek Emana eta Julio Galartaren mendeurrenean erakusketek eta Recuperando la experiencia colectiva e historica de las mujeres hitzaldiak, azken hau urriaren 4an, Julia Monge eta Zuriñe Rodriguezen eskutik.

Bibliotekako Egunak eta Literatur Solasaldiak

Urriaren 24an ospatuko da Bibliotekaren Eguna, Giza Bibliotekarekin, baina bai aurretik bai ondoren bestelako ekintzak antolatu dira Bibliotekako Egunak izenpean. Imanol Ituño magoa ere izango da urriaren 5ean, eta Iraungorriko Marimiri itzal-titere antzezlana ikusteko aukera izango da urriaren 26an. Hurrengo egunean, urriaren 27an, Mursego Eibarko artistak Gloria Fuertesi ikasitako poemak ikuskizuna eskainiko du. 

Literatur Solasaldiak ere hasiko dira urrian eta hilabetean behin abendua arte idazle batekin bere obraz hitz egiteko aukera izango da Kulturaten. Lehen gonbidatua, Julen Belamuno izango da Gaueko zaintzailea izeneko liburuarekin, urriaren 26an. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak