Musakolan beharrean, kalean izango da aurten Mondran Bike martxaren irteera

Eneko Azurmendi 2017ko ira. 28a, 20:00

Mondran Bike martxako irudi bat, iaz.

Urriaren 8an egingo dute MTB martxa (09:00 Seber Altuben, izenematea 08:00etan hasita). Aurten hainbat aldaketa egin dituzte antolatzaileek eta nabarmenena da logistika guztia –irteera, izen-ematea, dutxak eta mangerak– , orain arte Musakolan egin izan dena, erdigunera ekarriko dutela, "herrira hurbiltzeko, sortzen den festa girora".

Azken urteetan tradizio bilakatu da Arrasateko Mondran Bike MTB martxa eta aurtengoan ere ez du hutsik egingo.

Hainbat aldaketa edukiko ditu aurtengo edizioak. Esanguratsuena da aurten kalean kokatuko dituztela irteera, izen-ematea, dutxak eta bizikletak garbitzeko mangerak. Mikel Bergara antolakuntzako kidearen esanetan, lasterketa herrira gerturatu nahi izan dute hala. "Musakola nahiko urrun gelditzen da eta herritarrek orain arte ezin izan dute ikusi lasterketa honek mugitzen duen errealitatea zein den. 300 lasterketari inguru mugitzen ditu martxa honek eta Euskal Herri mailan ezaguna da. Horretaz gain, herrian bertan sortzen den festa giroan ere murgildu nahiko genuke, lasterketa herrian txertatu", adierazi du.
Beste aldaketa bat da domekan izango dela. "Egutegia estu dago aurten, eta domekan egitea erabaki dugu", dio Bergarak.

Ibilbideari dagokionez ere, "urtero saiatzen gara aldatzen". Aurten, 25 km edukiko ditu ibilbide motzak, 1000 metroko desnibelarekin, eta luzeak, berriz, 35 km, 1600 metroko desnibelarekin. "Aldapa gogorrenak ekiditen saiatu gara, bidexkak eta bihurguneak gehiago sartuz. Honekin lortu nahi duguna da jende gehiago animatzea parte hartzera. Aurtengo ibilbideak aukera asko ematen ditu eta bakoitzak aukeratu ahalko du egokien ikusten duena", azaldu du Bergarak.

Antolakuntzatik gomendatu dute GPS-a eramatea eta "lehiatzera baino, ibilbideaz gozatzera" joateko deia egin dute.

Izen-ematea zabalik

Urriaren 8an izango den arren, izen-ematea zabalik dago, urriaren 4ra bitartean. Horretarako aukera kirolprobak.com webgunean egongo da. Federatuek 10 euro ordaindu beharko dute eta federatuta ez daudenek 12. Egunean bertan ere egongo da izena emateko aukera, 15 eurotan. Plaza mugatuak izango dira, 250 parte-hartzaile gehienez. Egunean bertan, aurrez izenematea betetzen ez bada, izena eman ahal izango da 08:00etan hasita, Seber Altuben.

Informazio eguneratua eta ibilbidearen track-a euren Facebook orrialdean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak