Gogotsu datoz kontzertu honetara. "Aspalditik ditugu lagunak Arrasateko gaztetxean eta asko eta asko miresten dugun espazioa da. Diskoa aurkezterako orduan derrigorrezkoa zen kontzertu hau aurrenekoetakoa izatea, ez bakarrik guretzako erreferentziazko tokia delako, baita ere oso eroso sentitu izan garelako hara joan garen guztietan. Oker ez banabil, honako hau laugarren kontzertua izango da han, eta gure kasuan hori ez da toki askotan gertatzen. Beti bezala, plazer bat izango da, ziur", adierazi du Juantxo Arakama abeslariak –elkarrizketa gaurko Puntuan–.
Disko berria irailaren 1ean aurkeztu zuten eta Arakamaren esanetan, "oso pozik" daude emaitzarekin. "Guretzako ziklo bat da bere horretan Kalima diskoaren prozesu osoa, kantak egiten hastetik hasi eta zuzenekoetara eramateraino. Oso pozik gaude emaitzarekin, gure espresio zabalena jasotzen duela uste dugulako", dio.