Udazken giroko eguraldi bikaina lagun arrasatear askok egin dute bat Goikobalu Gazteluaren Jaiarekin. Erromeria giroan igo dira parkeraino eta han trikiti doinuekin hasi dute ospakizuna, Trikitixa Eskolako kideen laguntzarekin. Bertsolariek ere egin diete kuku, eta Udalaxpe txistulari taldeak dantzan jarri ditu elkartutako gazteak.
Kuadrillek indarrak neurtu dituzte gero sokatira txapelketan, eta hala bukatu dituzte eguerdira arteko kontuak. Norberak eroandako bazkariarekin indarrak berreskuratu eta bazkalostean kantuan eta dantzan jardun dute. "Aparteko giroa dago gaur, leku benetan polita da, eta pena da herritar gehiago ez animatzea jai girora", adierazi dute elkartutako hainbatek.