Hirukide elkartearen aurkezpena bihar

Xabi Gorostidi 2017ko ira. 20a, 10:35

Euskadiko Kide Ugariko Familien Federazioa da Hirukide, eta elkartearen zerbitzuen eta jardueren berri emango du bihar, 18:00etan, Kulturateko Jokin Zaitegi gelan egingo duten saioan. Familia ugari guztiei edota laster familia ugari izango direnei zuzenduta dago aurkezpena besteak beste, kolektiboak dituen laguntza eta hobari publikoei buruzko informazioa helarazteko.

Aken hilabeteotan kolektibo honi zuzenduta izan diren berritasunak azalduko dira, familia ugari askok ez baitituzte ezagutzen. Besteak beste, Pasaportea eta NANa egiteko tasak doakoak izango dira eta kide ugariko familia izaeraren epearen hedapena dira berritasunetariko batzuk. Izan ere, iaztik indarrean dago hedapena eta ondorioz, familiek titulu hori izaten jarraituko dute seme edo alaba gazteenak 21 urte bete arte, edo 26 urte, ikasten edo prestatzen jarraituz gero. Legeak ezarritako gehieneko adin hori betez doazen seme-alabek ezingo dituzte onurak jaso, baina, familiako gainerako kideen kasuan, onurak jasotzen jarraituko dute gazteenak legezko adin hori bete arte.

Gainera, aurreko urtean pentsioetan amatasunagatiko osagarria ere onartu zen gutxienez bi seme-alaba izan dituzten emakume langileen kontribuzio-pentsioetan. Honen ondorioz, pentsioa %5 handituko da bi seme-alaba izan dituztenentzat, %10 hiru izan dituztenentzat eta %15, berriz, erretiroa hartu eta lau seme-alaba edo gehiago izan dituztenentzat.

Honetaz gain, argindarraren bonu soziala garatzen duen Errege Dekretua behin betiko onartu zain dago elkartea, urtebete baino gehiago Industria Ministerioarekin bilerak egiten ibili ostean. Dekretuaren arabera, familia ugariek %25eko deskontua izango dute argindarraren fakturan. Hala ere, hobariak urtean 3.600 kWh-ko kontsumo muga izango du eta hortik aurrerakoa tarifa arruntaz fakturatuko litzake.

Azkenik, egun berean, Hirukideren ordezkariek udaleko arduradunekin biltzeko asmoa dute, hainbat proposamen helarazteko, eta Familia Arloko Udalerri Arduratsuen Dekalogoa emateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak