"Izaskun Murgia elkarteak kultur elkarte bezala ekarpen handia egiten dio herriari, eta ildo horretan, kultura izanik Udal honen lan ardatz nagusietako bat, elkartearen lana kontuan hartuta, hori bultzatu eta ezagutaraztea ahalbidetuko duen hitzarmena sinatu nahi izan dugu, urtero bezala" adierazi dute Udaletik.
Urtean obra bat ekoizteko, eta euren lana baldintza egokietan egiteko, Amaia Udal Antzokia eta bertako langileak elkartearen mesedetara uzten ditu hitzarmenak. "Hitzarmen horren bitartez, bi aldeek bere gain hartu ditugu hainbat konpromiso, eta erakunde publiko gisa, Udalaren betebeharra da elkartearen lana bultzatu eta errazteko baliabideak haien eskura jartzea"
Izaskun Murgia elkarte lirikoa
Tere Gonzalez Arrasate Musikaleko irakaslearen ekimenari esker sortutako elkartea da, eta herrian zarzuelarekiko zaletasuna zabaltzeko asmoz urte luzez aritutako Izaskun Murgia zenari omenaldi gisa jarri zioten izena. "Arrasatek betidanik izan duen zarzuelarako grina berreskuratzeko, eta herrian dagoen hutsunea betetzeko" egiten dute lan, Arrasate Musikaleko ikasleen eta bestelako partaideen inplikazioarekin.