Azaroaren 17an zabaldu zituen ateak Musakolan kokatzen den Super BM supermerkatu berriak, 23 lanpostu berri sortuz. Aldi berean zabaldu zituen ateak LIDL-en egoitza berriak ere, eta bata bestearen alboan egoterakoan, bien arteko konparaketak egiteko joera nabaria izan da herritarren artean.
Aparkalekuko auto kopuruari erreparatuta, azarotik hona jende gehiago pilatu izan da kate alemaniarraren aldean, eta horrek bidea eman dio Super BM itxi egingo zela zioten zurrumurruei, eta baita haren lekua Decathlon kateak hartuko zuela ziotenei ere.
"Bertara datozen bezeroek askotan galdetu digute horri buruz, baina informazio horiek gezurrak dira" adierazi du Miriam Garcia Musakolako Super BMko arduradunak.
Azarotik hona euren lan-taldean murrizketarik egon den galdetuta, ezezko erantzuna eman du. "Azaroaren 17an zabaldu genituen ateak. Supermerkatu berri bat zabaltzerakoan, ohikoa izaten da lehen egunetan jende kopuru handia erakartzea, eta hori dela, gure lan-talde finkoaz gain, langile gehiago izan genituen errefortzu gisa. Baina gure lan-talde finkoa 23 langilekoa izan da hasieratik, eta hala mantentzen da".
Zurrumurruek aurkakoa esan arren salmentak bide onetik doazela baieztatu du Garciak. "Azken hilabeteetan salmentek gora egin dute, eta bide horretatik jarraitzeko egingo dugu lan".
Decathlon-en eskaririk ez
Victor Fuentes komertzio, turismo, teknologia berri eta garapen ekonomikorako zinegotziak adierazi du Arrasateko Udalera ez dela planta berri bat zabaltzeko eskaririk heldu. "Udalera ez da Decathlonen eskaririk heldu, zurrumurruak faltsuak dira. Gainera, inguru horretan zerbait zabaltzeko interesa edukiz gero, Super BMren egoitzari itxaron gabe, eskura eduki lezakete Kabia izandako eraikina ere".