Eguraldi txarrari pandero eta trikiti doinuak jarri dizkiote Arrasate Trikitixa Eskolako gazteek herriko plazan. Ate irekiak antolatu ditu eskolak, eta musika-tresnak ezagutzera emateko, eta jendea eskolan matrikulatzera animatzeko ekintza ugari antolatu dituzte.
Ikasleek hainbat pieza jo dituzte irakasleekin batera, eta udaletxeko arkupean pintxoak eta sagardoa edo ardoa dastatzeko aukera izan dute. Gainera, bertan, eskolan matrikulatzeko aukera ere izan dute gurasoek zein haurrek. Horrez gain, Txatxilipurdiko kideek hainbat eskulan eta aurpegiak margotzeko aukera eskaini die haurrei.
Azken urteetan arrakasta izan duen egitasmo bat errepikatu dute gainera gaurkoan, Trikigina. Arrasateko hainbat tabernak parte hartu dute euripean, eta bakoitzak lau gin-tonic prestatu behar izan ditu. Ondoren epaimahaiak onena aukeratu du, eta aurtengo garailea Hamalau taberna izan da.