Aurreko asteburuko kontzertua sorta atzean utzita, egitarauko azken asteburuari begira jarria da Kulturate Akustikoak. Bada, bide horretan, bi kontzertu eskainiko dituzte gaur –ostirala– eta domekan: Bantastic Fand eta Ghost Number & His Tipsy Gypsies taldeek jardungo dute Kulturateko agertokian.
Kulturate Akustikoakek IX. edizioa du aurtengoa; eta, antolatzaileen esanetan, bere horretan dirau helburuak: "Inguruan gehiegi entzuten ez diren estiloen bueltan mugitzen diren taldeak ekartzea". Bide horretan, argitu dute ez dagoela estilo bakar bat, "AEBetako soinuak nagusitzen diren arren". Aurtengo edizioko egitaraua osatu duten taldeek lehen aldiz jardun –edo jardungo– dute Arrasateko agertokian.
AEBetako 'rock' doinuak
Bantastic Fand musika talde espainiarrak irekiko du asteburuko egitaraua, gaur, 20:00etan. Modu horretan, AEBetako rock doinuak –folkaren baitako ukituekin– eramango dituzte Kulturateko agertokira, euren esanetan, "bertsiogintzan erori gabe". Gaur-gaurkoz, bi disko dituzte argitaratuta: Strong enough to refuse –2014an– eta Welcome to Desert Town –2016an–.
Bantastic Fand taldeak esperientzia handiko musikariak ditu protagonisten artean: Nacho Para almeriarra eta Paco del Cerro cartagenarrak. Biek ala biek, urteak daroatzate musika munduan murgildurik. Besteak beste, esan beharrekoa da The Rivertones taldeko kide izan zirela 90eko hamarkadan.
Lehen kontzertua ibarrean
Bestetik, Donostialdeako zortzikoteak jardungo du domekan, 20:00etan: Ghost Number & His Tipsy Gypsies. Zehatz esanda, Debagoienean eskaintzen duten lehen emanaldia izango da Kulturatekoa. Modu horretan, martxoan argitaraturiko diskoa –From down to dust– aurkeztuko dute. Dena den, taldeko tronpeta jole Jon Ander Burgosek argitu duenez, diskoan entzungai ez dauden hainbat abesti ere eskainiko dituzte. "Orain artean, harrera ona izaten ari da From dawn to dust lana. Pozik gaude", argitu du.
2014. urtean jaio zen Ghost Number & His Tipsy Gypsies taldea, Burgosen esanetan, "musika herrikoia" lantzeko asmoz: "Taldea sortu genuenean, oraindik guztiz zehaztu gabe zegoen musika estiloa. Bada, ezer erabaki aurretik, musika herrikoiaren bueltan jorratzen ziren estiloak ezagutu gura genituen".
Gaur-gaurkoz, antzinako swinga –bestelako estiloetako ukituekin– eskaintzen dute Donostialdeako musikariek. "Esan daiteke askotariko herrietako eta estiloetako zertzeladak aurki daitezkeela gure abestietan", azaldu du Burgosek. "Musika dantzagarria da, nolabait", gaineratu du.