Maria Oses 'Urruzunotarrak Gehituz' literatura-ekimenean saritua

Jokin Guridi 2017ko ira. 5a, 11:54

Poesia atalean saritua izan da arrasatearra, Gorroto nuen poesia idazlanagatik. Ekimenaren 32. edizioa izan da aurtengoa eta ikasleen artean euskaraz idazteko zaletasuna sustatzea du helburu. Maila desberdinetan sarituak izan diren gazteek Elgoibarko Aubixa baserrian bost egunetako egonaldia egingo dute euren sormena lantzeko literatur-tailerretan.

Urruzunotarrak Gehituz literatura-ekimena Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak antolatzen du Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat. Atzo goizean banatu ziren 32. edizioko sariak eta adin desberdinetako 20 sarituen artean Arrasate BHI ikastetxeko Maria Oses dago, bere Gorroto nuen poesia idazlanagatik. Batxilergoko eta Erdi Mailako heziketa Zikloetako ikasleen kategorian saritua izan da arrasatearra.

Bost egunez, irailaren 4tik 8ra, Elgoibarko Aubixa baserrian egonaldia egingo dute 20 sarituek, euren sormena lantzeko literatura-tailerrak egingo dituzte aterpetxean eta eskolara itzuli aurretik elkarrekin berriz elkartzeko aukera ere izango dute. Honetaz gain, 2017ko edizioko sarituen lanekin liburu bat argitaratuko da Sagastiberri bilduman eta liburua, parte hartzaile guztiei bidaltzeaz gain, eskola guztietara banatuko da.

Urruzuno literatura-lehiaketaren jarraipena da gaur egungo Urruzunotarrak Gehituz literatur-ekimena. 32. edzioa izan da aurtengoa eta Ikasleen artean euskaraz idazteko zaletasuna indartzea da ekimen honen helburua, hitz lauz edo olerkiz, euskarazko sormena belaunaldi gazte berrietan indartzeko. Aurtengo edizioan, 103 lan aurkeztu dira guztira, horietatik 82 prosan eta 21 poesian, eta epaimahaia literaturan jantziak diren aditu eta idazleek osatu dute. Zehazki, Leire Bilbao, Goiatz Labandibar, Gari Berasaluze, Peru Iparragirre eta Jasone Osorok.

Sari banaketa ekitaldia eta saritu guztien zerrenda Irekia webgunean ikusi daiteke.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak