"Espero dugu gauza politak gertatzea eta lehia egotea"

A+GAS taldeak antolatuko du aurten ere Udalako Auto Igoera; iazko esperientzia ona ikusita, errepikatzea erabaki dute, eta gogotsu daude, lasterketa eguna iristeko zain. Irailaren 9an jokatuko da II. Udalako Igoera, Euskadiko Txapelketarako puntuagarria izango dena.

Astebete falta da. Guztia prest?

Bai, guztia prest daukagu datorren asteko ekitaldirako. Gogotsu gaude eguna iristeko. Ea parte-hartzaile asko izaten diren eta lasterketa polita ikusteko aukera duten arrasatearrek.

Iaz, urriaren 29an egin zen. Aurten, ia bi hilabete lehenago izango da. Badago arrazoirik horretarako?

Bai. Federazioarekin negoziatu behar izaten dugu data. Aurten, Gatzagakoa denboraldi hasieran izatea lortu genuen eta Udalakoa ere aurreratzeko aukera izan genuen. Alde batetik, antolakuntzari dagokionez, data aproposagoa da guretzat. Eta bestetik, iaz azkenaurreko lasterketa izanik, pilotu askok denboraldia amaituta zuten, ez zuten ezer jokoan, eta horrek emozioa kentzen dio lasterketari. Beraz, aurreratzea erabaki genuen.

Aurten, beraz, Txapelketan erabakigarria izango da Udalakoa?

Hala da. Pilotuak beste motibazio batekin etorriko dira, eta, gainera, oso estu dago Txapelketa une hauetan. Beraz, espero dugu Udalan gauza politak gertatzea eta lehia egotea.

Iaz egin zen lehenengoz Udalako Igoera. Ze zailtasun izan zenituzten?

Aurrerapauso bat izan zen Arrasaterendako. Udalarentzat lehenengo aldia zen, eta, guretzat, gure kabuz antolatzen genuen lehenengo aldia izan zen. Zailtasun handiena jendeari informazioa zabaldu eta herritarrak lasaitzean izan genuen. Izan ere, lasterketaren antolakuntzan, talde moduan, esperientzia bagenuen.

Auzotarrek ardura eta kezka puntu bat erakutsi zuten.

Bai. Gauza guztietan moduan, batzuek kezka handiagoa erakusten dute; beste batzuk lasterketaren aldekoak dira eta gustura daude. Guk ulertzen dugu, azken finean, egun osoan errepidea itxita izatea arazoa izan daitekeela bizilagunentzat, baina gure aldetik ahalegin guztiak egin genituen hau ahalik eta ondoen kudeatzeko eta aurten ere horretan saiatuko gara. Esan bezala, badago jendea mota honetako ekitaldiak gustatzen ez zaiona eta guk hori errespetatu egiten dugu. Saiatzen gara ahalik eta eramangarrien egiten, inor haserretu, kezkatu edo arduratu ez dadin.

Lehenengo aldiak ez dira errazak izaten.

Hala da. Onartzen dugu informazio eta komunikazio aldetik berandu ibili ginela, Udalaren eta gure artean ez zen koordinazio ona egon. Baina akats hori aintzat hartuta, aurten askoz lehenago hasi gara, bilerak izan ditugu Udalako jatetxeekin eta tabernekin, baita bizilagunekin ere.

Bazoazte, beraz, neurria hartzen.

Pixkanaka bai. Iaz konturatu ginen beste kontu bat da zaleen autoak aparkatzeko leku gutxi dagoela igoera guztian. Hau arazo bat dela uste dugu, eta, beraz, aurten herritarrei eskatu gura dieguna da esfortzu bat egin dezaten lasterketa ikustera oinez gerturatzeko, ahal den heinean.

Lasterketari dagokionez, aldaketarik egongo da bigarren edizio honetan?

Aurten, pare bat aldaketa egin ditugu. Lehena da lasterketa beranduago hasiko dela. Iaz, urrian egin genuen, eta, garai horretan lehenago iluntzen duenez, 12:00etan izan zen. Aurten, berriz, 14:00etan izango da. Beste aldaketa bat da bost txanda beharrean lau izango direla. Izan ere, bostekin, luze samar gelditu zen iazkoa. Ibilbideari erreparatuta, hasiera batean, ez dugu aldaketarik egingo. Federazioarekin urteroko borrokatxoa daukagu chicane kopuruarekin, baina hark esandakoa errespetatu beharko dugu.

Izen-ematea zabalik dago?

Bai. Gainera, pilotu gehienek azken momentura arte itxaroten dute izena emateko. Iaz, 40 pilotu inguru izan genituen, eta, lehenengo aldia izateko, kopuru polita da. Errepide estua da eta badakigu 50-60 auto egonez gero, antolakuntza aldetik gauzak aldatu beharko liratekeela. Hala ere, gu prest gaude esfortzu hori egiteko, eta parte hartzeko dei egiten dugu.

Bestalde, boluntarioen beharra izango duzue lasterketa egunerako, ezta?

Eskertuko genuke. Laguntzeko prest dagoen edonor gurekin kontaktuan jar dadila. Horretarako, info@amasgas.com helbidera idatzi edota 688 85 02 76 zenbakira deituta. Horrez gain, bizilagunei edota informazioa gura duen edonori ere laguntzeko prest egongo gara eta kontaktu horien bitartez gurekin harremanetan jartzeko dei egiten diegu.

Nola animatuko zenituzke Arrasateko zein bailarako motorzale guztiak lasterketa ikustera gerturatu daitezen?

Lehenik eta behin, eskerrak eman nahiko genizkieke guztiei. Jarritako helburu gehienak bete ditugu, Facebooken jarraitzaile asko lortu ditugu azkenaldian eta jende asko ari da gure marka zabaltzen eta gure jardunari bultzada ematen. Beraz, bihotzez eskertzen diegu zaleei. Horretaz aparte, gerturatzeko dei egiten diegu arrasatearrei, eurendako antolatutako ekintza delako eta seguru gaudelako arratsalde ederra igaroko dutela.

Sarrerak bost euro balioko du, iaz bezala?

Zortzi euro izango da sarrera aurten. Aurrekontu aldetik estu samar ibili gara. Federazioak beti hamar eurotan jartzea gomendatzen digu, baina esfortzu bat egiten dugu ahalik eta merkeen jartzeko. Horrenbestez, herritarrei asko eskertuko genieke sarrera ordaintzeko esfortzu txiki hori egitea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.