Azken urteak EBA mailan egin eta gero, aurten lehenengo taldeak arazo handiak izan ditu jokalari kopuruarekin. Lan arrazoiak eta lesioak tarteko Josu Larreategik ezin izan ditu hainbat jokalari eskura izan, eta Arrasatekoa moduko talde batean asko igartzen dira halako hutsuneak. Bada, jokalariek lan galanta egin badute ere –urte osoan izan dira lehiakorrak– liga amaieran ezin izan diote urte osoko erronkari eutsi. Federazioak, baina, gaur baieztatu diete EBAn segiko dutela: "Uztailaren 3an kategorian jokatzeko izenemate epea zabaldu zuen federazioak, eta ordurako hartuta geneukan erabakia. Klubak 50 urte beteko ditu datorren urtean, eta urteurrena EBAn egonda ospatu gura genuen. Hala, uztailaren 3rako dokumentazio osoa aurkeztu genuen federazioan. Izan ere, lehenengo, kategoria horretan jokatzeko eskubidea duten taldeen eskaerak jasotzen dituzte, eta horiek dute lehentasuna. Baina, hutsunerik balego, guk, badaezpada, izena eman genuen, eta martitzenean baieztatu ziguten federaziotik aukeratutako taldea ginela.
Taldea indartzea, beharrezkoa
Albiste horren aurrean Ointxe!-k ezinbestean indartu beharko du lehenengo taldea, aurten izan dituzten larritasunak ez errepikatzeko. Eta, albistearen berri izanda horretan jardungo dute Ointxe!-ko zuzendaritzakoek, taldea eratzeko edo indartzerako orduan ez delako gauza bera EBAn egotea, ala Lehen Maila Nazionalean. "Baliteke lehenengo talderako jokalariren bat edo beste kanpotik ekarri behar izatea. Dena dela, EBAn jokatzea ondo dago, baina orain arte egin den moduan, harrobian jarri gura dugu indarra", adierazi du zuzendaritza berriko kide Fran Fernandezek.