Udalbatzako ordezkarien erreakzio politikoak espainiar banderaren harira

Xabi Gorostidi 2017ko uzt. 18a, 13:17

Alderdi guztiek bat egin dute inposaketa bat izan dela esaterakoan, eta erabaki judizialarekin ados ez egon arren, gehienek ulergarritzat jo dute bandera jarri izana, alkatearengan ondorio judizialik ez izateko. Albistean ikus dezakezue alderdi bakoitzak egin duen balorazioa.

EAJ - Maria Ubarretxena

"Ez da berria Euskal herriko hainbat udaletan gertatu den eta gertatzen ari den inposaketa hau. Arrasateko kasuan gainera, gaiztoki eta era premeditatuan etorri zen Guardia Zibila jaietan erreportaje fotografikoa egin eta erakustera Arrasateko eta Euskadiko ikurrinak jarrita geneuzkala, baina ez Espainiakoa. Denetarik ikusi dugu: Martin Garitano Ahaldun Nagusi zela, Donostiako Gipuzkoa plazan ikurrina handi bat jarri zuenean, Aldundiko balkoi zentralean bandera espainola jartzearen ondorioa txikitze aldera, EAJ-PNVko Mungiako alkatearen dimisioa Espainiako bandera ez jartzearren, Bergarako Udaletxeko balkoian jarri zituzten herrialde ezberdinetako 55 bandera sorta Espainiakoa disimulatzeko…. Kontua da ekintza guzti horiek ez dutela inposaketa ez ezabatzen, ez biguntzen. Irtenbide bakarra dago: euskaldunok geure buruaren jabe izatea lortzea, esparru guztietan gure erabaki propioak hartu ahal izateko".

 

EH Bildu - Eneko Barberena

"Esanguratsua bada gobernu batek legea eta armada erabili behar izatea herri bati bandera bat inposatzeko. Kasu honetan, Arrasateko Udalari inposatu zaio zigorren mehatxuaz herriak hainbatetan gaitzetsi duen ikurra den bandera espainiarra. Arrasateko EH BILDUk irmo salatu nahi du espainiar gobernuaren inposaketa hau eta ikurrinaren presentzia bultzatuko du beste herri batzuetan egin izan den moduan. Horrez gain, udalean gaia lantzeko konpromisoa hartzen dugu bai bandera espainiarraren presentzia salatzen bai ikurrinaren defentsan edo egon litekeen edozein desobedientzia ekintza babesten".

 

PSE-EE - Oscar Garcia

"Sententzia bat dago, eta hori dagoen momentutik udaletxe gisa betetzera behartuta gaude. Ez diogu horri inportantziarik ematen. Gure ustez gauzak lasai zeuden argazki horiek agertu aurretik, eta guk nahi duguna gauzak lasai egotea da. Nahiago dugu ikurrinik gabeko udaletxe bat, ikurrinen gaiak arazo minimoren bat sorrarazi badezake".

 

Baleike - Igor Urizar

"Gertakariak nola eman diren ikusita, Guardia Zibila San Juanetan nahita bertaratuz, bandera konstituzionala ezartzea beharrik gabeko inposaketa iruditzen zaigu, atzetik instrumentalizazio politikoa dagoela erakutsiz. Modu autoritario eta inposatzaile hauen aurrean, aukera hoberena oinarri popularreko desobedientzia da eta horretarako tresna demokratikoen zabalkuntza erantzunik onena. Arrasateko hiritarrei gaiari buruzko galdeketa zabaltzeko aukera paregabea iruditzen zaigu, gure herriko auzokideak demokratikoki subiranoak izan beharko bailirateke zein ikurren bitartez ordezkatuak izan nahi duten aukeratzeko".

 

Irabazi - Juan Luis Merino

“Espainiar Gobernua hanka sartzen ari da da estrategia honekin, banderen gerra delakoarekin. Ezer ez zegoen tokian konfliktoa sortzen ari dira. Espaniar bandera, ez da Irabaziren bandera, geurea errepublikarra delako. Jartzera behartu gaituzten bandera erregimen faxista baten herentziatik dator, eta gu hori jartzearen aurka gaude. Hala ere, hori ez jartzearen eraginez alkatea inabilitatzera heldu daitezkeenez, begiak itxi, eta ontzat ematen dugu bandera jartzearen erabakia”.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak