Arte ezagutzaren eremua, lanbide eta bizimodu

Jose Mari Larramendi filosofo, antropologo eta askotariko kultur ekimenetako eragilea elkarrizketatuko du Euskadi Irratiko kazetari Galder Perezek bihar, eguena, 21:00etan, Goiena telebistako EKT saioan (Euskal Kulturgintzaren Transmisioa).

Deban jaio zen Jose Mari Larramendi orain dela 74 urte eta gaur egun Zarautzen bizi da. Haurra zela seminariora joan zen eta harrezkero arte ezagutzaren eremua lantzen jardun du. Filosofia ikasi zuen Valladoliden, eta, geroago, Antropologia ikasketak egin zituen, Levi Straussen ondoan, Parisen.

Bizitza profesionalaren zatirik handiena mugimendu kooperatiboan egin du: Eroski Kooperatiban, adibidez, askotariko lanpostuetan jardun du hiru hamarkadaz. Horrez gainera, Mondragon Taldeko aginte organoetako kide ere izan da, eta, azken urteetan, Arizmendiarrietaren Lagunak elkartean ari da. Hortaz, erretiratua da Larramendi, baina, oraindik ere, ekimen askotan hartzen du parte.

Bizipen asko kontatu ditu Galder Perez kazetariak gidatutako solasaldian, oinarrian, lau ardatz hartuta: hizkuntza, pertsona, profesionaltasuna eta memoria. "Nire belaunaldiko askok bezala, euskara egiteko gogoa ezabatu zidaten eskolan. Oso gogoan ditut Gabantxo izeneko irakasle zorrotzaren zigorrak. 5 urterekin euskaraz bakarrik nekien eta 16 urterekin ama hizkuntza guztiz baztertzen eta gutxiesten nuen. Seminarioan berreskuratu nuen, geroago, euskararekiko maitasuna. Parisera joan nintzen, gero, aurrez egin nituen Filosofia ikasketak Antropologiakoekin osatzera. Paristar baten moduan bizi izateko hautua egin nuen; izan ere, kultura bat eta hizkuntza bat ezagutzeko, ezinbestekoa da bertako kulturan eta gizartean murgiltzea", dio Larramendik.

Ibilbide oparoa kulturgintzan

Paristik etxera itzuli zenean, kultur ekimen askotan hartu zuen parte; esaterako, Debako gazteen elkartean aritu zen buru-belarri eta Oteiza eskultoreak 1969an han zabaldu zuen arte eskola esperimentaleko zuzendarietako bat izan zen. Horrez gainera, Egin egunkariko sorrera prozesuan egon zen Larramendi, eta Xoxoa ekoiztetxea ere sortu zuen.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.