ELA sindikatuak uste du "ezinbestekoa" dela egungo egitasmoa goitik behera aldatzea

Ubane Madera 2017ko uzt. 4a, 09:06

Fagor CNAren Garagartzako lantegia.

"Iritzi publikoari saltzen zitzaion irudiak ez zeukan zerikusirik enpresaren benetako egoerarekin; erakundeak zuzendaritzaren jarrera babestu dute. Orain, beste behin ere, Tapia sailburuak harridura eta haserre plantak egiten ditu herritarren aurrean, enpresak konkurtso-aurrekoa eskatzean", salatu du ELA sindikatuak.

Sindikatuak jakinarazi du ELAk ere prentsaren bidez ezagutu duela Fagor-CNA enpresaren zuzendaritzak hartzekodunen konkurtso-aurrekoa eskatu duela, 100 milioi euroko zorra dela eta, baina gaineratu du horrek ez dituela “ezustean” harrapatu.

"CNAk Fagor Electrodomesticos-en unitate produktiboa eskuratu zuenetik, proiektuaren inguruan bete ez diren aurreikuspen eta promesak izan dira nagusi, kooperatibaren beraren eta Gasteizko gobernuaren konplizitateaz", gaineratu dute.

"Egoera zaila gainditzea"

Eta salatu dute Tapiak "jokabide bera agertu" izan duela beste enpresa batzuekin ere. "Esaterako, Arcelor Mittalek Zumarragako lantegia ixteko erabakia iragarri zuenean. Erabaki traumatiko hura zela eta, sailburuak hitz gogorrak bota zituen, baina handik hilabete gutxi barru Sestaoko ACB bisitatu eta enpresa goraipatu zuen hedabideen aurrean"; edo Kadaguako Cel Taldearen jabegoari uko egin izana ere mahai-gaineratu du ELAk. Hori horrela, uste dute "Industria sailburuaren asmo bakarra, gure herriak pairatzen duen desindustrializazioa ikusirik, bere irudia zaintzea" dela.

Fagor CNAri dagokionez, ELAk bere kezka partekatu gura izan du, "Fagor-CNA proiektuaren xede bakarra agian baitzen kooperatiba taldeak Fagor Electrodomesticos likidatu zenean izan zuen egoera zaila gainditzea. Proiektu honen gardentasun ezak hipotesi hau indartzen du; beraz, agian hasieratik proiektuak ez zeukan irtenbiderik", aditzera eman dute.

Egitasmoa aldatzea

Etorkizunari dagokionez, berriz, ELAk dio "proiektu serio, errealista eta gardena" behar duela izan; "horregatik, ezinbestekoa da egungo egitasmoa goitik behera aldatzea. ELAk defenditu egingo ditu lanpostuak (baita jasotako promesak gorabehera birkokatu ez dituztenenak ere) eta gure jendearen lan-baldintzak; CNA-Fagorren zuzendaritza, MCC eta Gasteizko gobernuak proiektu industrial berria babestera behartuta daude", bukatu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak