Errozioko ama birjina gurtzeko erromeria Arruena parkean

Iazko Errozio Erromeria.

Al-Andalus elkartearen eskutik, hamazortzi autobus etorriko dira, domekan, estimu handia duen jaira.

"Getafeko Errozio erromerian  izan ginen, eta, horrenbeste gustatu zitzaigunez, Arrasaten ospatzeko konpromisoa hartu genuen. Orain, baina, handiegia ari zaigu geratzen. Jende asko etortzen da, aurten milatik gora lagun elkartuko gara. Erromeriak Euskal Herriko hainbat herritan egiten diren arren, estimu handikoa da hemengoa", dio Rafa Gomezek, Al-Andalus elkarteko presidenteak.

Hark dio lehen urtean arduratuta zeudela herrian ospakizunak izango zuen harreraz, baina bestelakoa izan zen erantzuna, eta aurtengoa, 27.a da. "Andaluziako kultura ezagutzeko modu bat da; hango produktuak dastatzeko aukera izango da: urdaiazpikoa eta askotariko tapak, manzanilla edateko... Herritar askok du urtero etortzeko ohitura. Eta, guretako, urtean behin aspaldiko lagunekin elkartzeko egun-pasa polita da".

Hamazortzi andaluziar etxetatik

Errenteriako, Gasteizko, Santurtziko eta Lasarte-Oriako andaluziar etxeetakoak etorriko dira, besteak beste, eta Donostiako, Bilboko eta Santurtziko dantza akademiakoak ere bai; horrez gainera, Arrasateko Corazon de Encina eta Galdakaoko Extremadura elkartekoak ere izango dira. "Arruena leku ona, zabala da; eta herrian hasieratik egindako harrera ere ezin hobea. Dantzan egiteko ez da onena, baina Udalak azpiegitura egokia ematen digu. Aurten bi oholtza jarriko dituzte. Beste, herri batzuetan, era horretako jaietan dantza ikuskizunak egiten dituzte, eta hemen, berriz, nahi duenarentzako, hor dago oholtza. Zorionez, motz geratzen da".

Lore eskaintzaren eta mezaren ondoren, 12:00etan abiatuko da Arruena parkera erromesaldia; salbearen ostean, 19:30ean, bukatuko da erromeria.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.