Txorbela otxoteak diskoa plazaratu du

Duela ia hamar urte sortu zen otxote arrasatear horrek euskal kantuz osaturiko errepertorio zabala du. Txorbelak atzo bertan plazaratu zuen disko berria, eta Arrasateko erdiguneko hainbat tabernatan egongo da salgai

2008an sortu zen hamasei bat kidez osatuta dagoen Txorbela otxote arrasatearra. Zaletasun bera izanik, musika, alegia, lagun talde bat elkartu eta musikaz gozatzea erabaki zuten. Beraien helburua Euskal Herriko kultura ondasunean ahaztuta geratu diren abestiak errekuperatzea da. Urte hauetan, Euskal Herriko hainbat agertokitan izan da Txorbela: Arrasaten, Bergaran, Hondarribian, Durangon eta Bilbon, hain zuzen ere. Baina beste hiri batzuetan ere izan da; besteak beste, Granadan eta Madrilen. Guztira, 47 kontzertu eskaini ditu taldeak eta 107 bat ekitaldi, omenaldi, inaugurazio, eta abarretan ere izan da. 

Lan gogorraren emaitza

Euskal kantuz osaturiko errepertorio oso zabala du Txorbelak eta, gainera, beste otxote batzuekin elkarlanean ere aritu da. 2014an, disko berriaren grabazioari ekin zion Txorbelak: "Estudio batean grabatu genuen, baina emaitzak ez gintuen guztiz konbentzitu; horregatik, akustika aldetik emaitza onagoa lortu guran, Aramaioko Azkoagako elizan grabatzea erabaki genuen", esan du Txorbelako kide Mikel Balanzategik. Bertan, 2015ean eta 2016an bitartean grabatu zuten disko berria, guztira 23 abesti dituena. "Grabazio lana gogorra izan da, baina gustura gaude egindakoarekin", adierazi du kideak. Horretan, ganberako abesbatzarik finenarentzako abesti zailak eta melodia herrikoiak tartekatuta daude.

Gainera, diskoaren hasieran, Seber Altuberen musika dago eta amaieran, Jose Ramon Vitoriaren musika eta hitzak. "Vitoriak sortutako Oroimena abestia diskoan gehitu dugu eta emaitza asko gustatu zaio; hori guretzat pozgarria da oso", esan du Balanzategik. Diskoa atzo kaleratu zen eta hamar euroren truke Arrasateko erdiguneko taberna ezberdinetan eskura daiteke: Monte, Itzala, Ezkiña, Kajoi ...

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.