'Zeuk iñ zeuk jan' bazkari herrikoirako izen-ematea bihar hasiko da

Bazkaria ekainaren 25ean egingo da azoka plazan. Interesdunek hilaren 15etik 21a arte (edo plazak bete arte) izango dute izena emateko aukera udal webgunean.

San Juan festak gero eta gertuago daude eta antolakuntza lanak hasiak daude jada. Jai egun horietarako antolatutako ekintzen artean, Zeuk iñ zeuk jan bazkari herrikoiaren arrakasta eta honek herritarren artean pizten duen interesa ikusirik, Udalak aurtengo bazkarirako ezarritako oinarri zein zehaztasunen berri eman du. 

Bazkaria hilaren 25ean egingo da, aurtengoan ere, azoka plazan. Arrasateko Udalak hainbat irizpide eman ditu kokalekuari buruz: "Espazio itxia denez, horrelako ospakizunetan, bertakoen segurtasuna bermatze aldera, Babes Planak ezarritako neurriak errespetatu behar dira, hau da, larrialdietarako sarrera-irteerak jarri eta abar". Ildo horretatik, Plana betetzeko azoka barruan egon daitekeen jende kopurua mugatua bada ere, "568 lagunentzako lekua" egongo dela jakinarazi du Udalak, iaz bazkarian parte hartu zuten lagunen kopuru antzerakoa beraz.

Izen ematea hilaren 15etik 21a arte (edo plazak bete arte) egongo da zabalik. Bazkarian parte hartzeko interesdunek http://www.arrasate.eus/eu/tramiteak/izen-ematea helbidean apuntatu ahal izango dute. Behin izen emate epea amaituta, eserlekuen kokalekua zozketatu egingo du Udalak.

Janaria prestatzeko tresneriari dagokionez, Udalak adierazi du bakoitzak berea eraman beharko duela eta horiek berrerabilgarriak izan beharko dutela. Dena den, Udalak eskura izango ditu hainbat edalontzi eta plater hala behar dutenentzat. Era berean, azoka plazatik kanpo gune bat ezarriko da janari prestaketarako eta bertan, Udalak su kopuru jakin bat ere izango du. Horiek erabili ahal izateko, ordea, eskaera aurrez egin beharko da eta ondoren zozketa egingo da eskatzaileen artean. Bazkariko arauei dagokionez, Udalak 19:00etara mugatu du material guztia jasota egoteko ordua.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.