Enplegu sailean ildo berriak jorratzen ari dira Arrasateko Udalean

Herrian enplegua sustatzeko helburuz, Udala hainbat ildo berri ari da aztertzen. Enpresa txikietara eta mikroetara bisitak egiten dihardute; Udal lurretan nekazaritza jarduera abian jartzeko egitasmoa ere ari dira lantzen; enpresen beharretara egokitutako langabeen egokitzapen planarekin ere badabiltza; eta Arrasaten enpresa berriak jarri eta horiek erakartzeko lanean ere ari dira.

Udaletik, enpleguari dagokionez, bi urte hauetan zer egin duten azaldu nahi izan diete Arrasateko herritarrei, eta hainbat datu eman dituzte eguerdian egindako prentsaurrekoan. Aurrera begira aztertzen ari diren hainbat lan ildo berriri buruz ere jardun dira.

Langabezia datuak

Maria Ubarretxena alkateak azaldu du 2015eko urte hasieran arrasatearren %15,54a zegoela langabezian, eta 2017ko maiatzean, aldiz, %12,18ra jaitsi dela zifra hori. Adinari dagokionez dituzten 2017ko martxoko datuei begiratuta, esan daiteke Arrasaten aurtengo martxoan 1.315 langabe zeudela; horietatik 83 pertsona dira 25 urte baino gutxiago dituztenak; 616 lagun dira 25 eta 44 urte artekoak; eta beste 616 dira 45 urtetik gorakoak.

Udaletik bideratzen den zenbatekoa

Ubarretxenak azpimarratu du baita ere, azken bi urtetan langabe bakoitzeko Udalak bideratzen duen dirua 489 euro izatetik, 657 euro izatera pasa dela, eta enplegura bideratutako aurrekontu partida bi urtean %10 igo dutela. 2015ean enplegurako aurrekontua, pertsonal gastu estrukturalak kenduta, 793.094 eurokoa izan zen, eta aurten 880.619ra igo dute.

Elkarlana beste erakunde batzuekin

Gogora ekarri dute baita ere hiru elkarlan hitzarmen dituztela sinatuta: Saiolanekin, Mondragon Unibertsitatearekin eta Gureak taldearekin.

Enplegura bideratzen dutena

Aurten hainbat enplegu plan garatzen ari dira Udaletik eta horietan lortutako emaitzen berri ere eman dute. Esaterako, Udalak interes publikoa daukaten proiektuak garatzeko, herriko 20 langabe kontratatzeko helburua dauka, eta horretarako, 384.600,98 euroko aurrekontua aurreikusten du. Herriko enpresetan herriko langabeak kontratatzeko diru laguntzei dagokienez, 70 kontratu finantzatzen laguntzeko asmoa dauka eta horretara 160.250 euro bideratuko ditu.

Ildo berriak martxan

Lau ildo berri ere iragarri dituzte. Hasteko, enpresa txikietara eta mikroetara egubakoitzero bisitak egiten hasi direla adierazi dute. Herrian dauden 1.306 enpresetatik 1.214 dira hain zuzen, bederatzi langile edo gutxiago dituztenak –0-2 langile artean dituzten enpresak 938 dira, 3-5 langile artean dituztenak 206 dira, eta 6-9 langile dituztenak, berriz, 70–. Herrian enpresa txiki eta mikro asko daudela kontuan hartuta, aurtengo maiatzean hasi dira enpresa horiek bisitatzen. Alde batetik, Udalaren enplegu programak aurkeztu dizkiete enpresa txiki horiek dituztenei, eta bestetik, enpresen errealitateak, beharrak eta egoerak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute Udalekoek. Horren helburua da "euren beharrak jaso, ikusi ea Udalean martxan ditugun programak egokitzen diren benetan euren beharretara, eta programak aldatu behar izanez gero, eraginkorragoak eta lagungarriagoak egin", adierazi du alkateak. Dagoeneko bederatzi enpresa bisitatu dituzte.

Bigarren lan-ildoa hauxe da: Udal lurretan nekazaritza jarduerak jartzeko egitasmoa. Horren baitan, Neikerren eskutik hasi dira aztertzen zein aktibitate ekonomiko aktibatu ahal izango liratekeen Udalak dituen lur publikoak erabilita. Horren helburua da lehen sektoreko jarduera batekin baliatuta, KM0 eta ekonomia zirkularra ardatz duen proiektua garatzea, baztertze egoeran daudenekin eta lan mundura salto egiteko zailtasunak dituztenekin, horien laneratzea bultzatzeko.

Hirugarren lan-ildoan proposatzen dute enpresen beharretara egokitzea langabeak. Bertan lantzen ari dira egitasmo bat 30-40 langaberekin enplegu plan pertsonalizatu bat martxan jartzeko, formazio bidezko enpresen profil beharretara egokituta, laneratzeko prozesuak gauzatzeko. Une honetan egitasmoa abian jartzeko modua aztertzen ari dira.

Eta laugarren lan-ildoaren helburua da enpresa berriak erakartzea Arrasatera eta Arrasaten kokatzea horiek. Ekai Centerrekin batera abiatutako lana da. Herriko gune eta zona industrialak eta euren ezaugarriak biltzen dituen katalogoa egin dute dagoeneko eta 2017an katalogo horren aurkezpena egingo dutela iragarri dute.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.