Euskal kultura: euskaraz sortutakoa da bakarrik?

EKT -Euskal Kulturgintzaren Transmisioa- telebista saioaren bigarren atalean, Ibai Iztueta Cultura Vasca vs Euskal Kultura saiakeraren idazlea izango da protagonista. Ane Zabala kazetariak gidatutako saioa, bihar, eguena, 21:00etan izango da Goiena Telebistan ikusgai.

Kultura ikuspegi askotatik aztertzea du helburu eguenetan, 21:00ean Goiena Telebistan eskaintzen den EKT -Euskal Kulturgintzaren Transmisioa- izeneko saioak. MUren laguntzarekin hiru komunikabidek elkarlanean egindako elkarrizketa saioa da: Goiena, Bilbo Hiria irratia eta Euskadi irratiak. Datorren asteko saioan Ane Zabalak (Bilbo Hiria) Ibai Iztueta elkarrizketatuko du.

Saltsa askotako perrexila da Iztueta (Zegama, 1977). Biologia ikasketak egin zituen lehenengo, Irakasle-ikasketak ondoren eta Giza Zientzietan doktoregoa, geroago. Gaur egun, Lehen Hezkuntzako irakasle da Gasteizen.

'Cultura Vasca vs Euskal Kultura'

Euskal  kultura  eta  hizkuntzak:  diskurtsoak eta Hego Euskal  Herriko  liburu ekoizpena euskal/espainol  ardatzaren  argitan  izeneko tesia  defendatu  zuen Iztuetak iazko irailean. Lan  horren  laburpen  modura,  Utriusque  Vasconiae argitaletxeak Cultura  vasca  vs.  euskal  kultura  izenburua duen liburu  mardula eta mamitsua argitaratu zuen; eta hain justu, saiakera hori izango da Iztueta eta Zabalaren arteko solasaldiaren ardatz nagusia.

Euskal kultura euskaraz egindakoa da bakarrik ala gazteleraz edo frantsesez egindakoa ere bai? Galdera horren erantzunaren bila jardun zuen Iztuetak; eta abiapuntu moduan Txillardegik eta Ramon Zallok esandakoak aukeratu zituen. Txillardegirentzako, "euskal kultura euskaraz baino ez da posible euskara delako egiazki bereizten gaituen gauza bakarra"; eta Zallorentzako, berriz, hizkuntzak ez du horrenbeste garrantzirik, eta halaxe dio: "Euskal Herrian bizi den jendearen nortasunak askotarikoak dira, beraz, espainolez eta frantsesez egiten dena ere euskal kultura da".   

Iztuetak tesia "Euskal Herria menpekotasun politikoa eta zatiketa bizi duen herria" testuinguruan kokatu duela dio; egueneko saioan azalduko dituzte atera dituen ondorio nagusiak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.