Gitarren oihartzunak gailenduko dira bihar

Bihar Arrasate Musikalek antolatu duen ikasleen gitarra topaketa izango da Kulturaten. Horretan, hainbat musika eskolak hartuko dute parte; baita Donostiako eta Errenteriako kontserbatorioek ere. Kontzertua Kulturateko areto nagusian eskainiko dute, bihar, 12:00etan, eta, gutxi gorabehera, ordubete iraungo du.

Gitarra kontzertu horretan, berrogei ikasle inguruk parte hartuko dute eta horietatik sei arrasatearrak dira. Aurtengo topaketan, Arrasate Musikalez gain, Beasaingo, Azpeitiko, Zumarragako eta Donostiako musika eskolak izango dira. Eta Donostiako eta Errenteriako kontserbatorioek ere parte hartuko dute.

Topaketaren hastapenak

Airean izeneko Euskal Herriko gitarristen elkartea izan zen topaketa horren sortzailea eta hogei bat urte pasa dira egiten hasi zenetik. Behin Airean elkartea deseginda zegoela, bertako kide batzuek eta lagun batzuek topaketa hori antolatzen jarraitzeari ekin zioten; modu horretan, urtero egiten dute. Aurten, lehen aldiz, antolakuntza lan horretan Arrasate Musikal ibili da: "Oso erraza izan da topaketa antolatzea. Musika eskolen irakasleen arteko harremana oso estua da, eta, beraz, egitaraua antolatzeko informazioa oso era azkarrean helarazi zaigu", azpimarratu du Arrasate Musikaleko ekintzen arduradun Edorta Aiastuik.

Topaketa horien xede nagusia leku ezberdinetan jotzeko aukera izatea da, eta, bide batez, beste musikari batzuk entzutea. Horrez gainera, beste helburuetako bat musikarien arteko harremana sendotzea ere bada. Gainera, topaketa horiek oso onuragarriak dira ikasleendako zein irakasleendako. Azpimarratu behar da topaketaren amaieran musikariek diploma bana jasoko dutela.

Banakako zein taldeko emanaldiak

Topaketa horretan, Arrasate Musikalekoekin batera Beasaingo Loinatz, Azpeitiko Juan de Antxieta, Zumarragako Secundino Esnaola eta Donostiako Beatriz Rodriguez musika eskolak izango dira. Baita Donostiako Ako F.Escudero eta Errenteriako kontserbatorioak. "Kontzertuan, ikasleek banakako gitarra emanaldia eskainiko dute; hala ere, Zumarragako eta Azpeitiko eskoletako ikasleek taldeka ere joko dute", esan du Aiastuik. Ikuskizunerako sarrera doan da. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.