Banakoa Amaikak Bat-en aurka, Ruiz de Azuaren agurrean

Mondrak bana berdindu du Debako Amaikak Bat taldearen aurka. Emaitzaz harago, Ander Ruiz de Azua Manzano izan da protagonista, Mondran 20 urte egin ostean futbola utziko du-eta. "Oso egun berezia da niretako. Futbolak momentu on eta txar asko eman dizkit, onekin geratuko naiz betirako. Eskerrik asko 20 urteotan ondoan izan ditudan guztioi", adierazi du lehiaren amaieran, hunkituta.

Mondrarendako etxeko azken partidua izan da gaurkoa, azken jardunaldian Lesakan, Beti Gazteren aurka, jokatuko dute-eta Josu Zubiaren mutilek. Amaikak Bat baino hobeto hasi da Mondra baina azken hilabeteotako dinamikari jarraiki gola egitea asko kostatu zaie arrasatearrei. Lehen zatiaren amaieran egin du 1-0koa Mondrak, Asier Sanchez eta aldeko zortea protagonista izan diren jokaldian.

Bigarren zatian, baina, nagusitzen joan da Debako taldea eta 66. minutuan banako berdinketa lortu dute. Hortik gutxira beste zenbat aukera izan dituzte kanpokoek baina aurrelarien hutsek eta Ander Ruiz de Azuaren geldituek 1-2koa eragotzi dute. Amaieran, banako justua Mojategin.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.