Poza gailenduko da Musakolako festetan

Gaur goizeko hamarretan kanpai errepika eta suziri jaurtiketarekin eman zaie hasiera Musakolako jaiei, eta, urtero bezala, egitaraua ekintzaz lepo egongo da. Gainera, Zigorrolan famatua den astakiloak 18 urte bete beteko ditu aurten.

Urtero bezala, maiatzaren giro onarekin batera datoz Musakolako jaiak. Gaur hasi diren arren, eta jaietan murgiltzen joateko, joan den asteburuan hainbat ekintza izan ziren: mus, briska eta tute karta-jokoen txapelketen finalak eta BTT mendi martxa, hain zuzen. Hala ere, gaur goizean ekingo zaie jaietako egitarauaren barruan dauden ekintza nagusiei, eta den-denak bereziak izango dira. 

Hamaika ekintza  

Aurtengo antolakuntza-lanak aurreko urteetako berak izan dira.  "Betiko martxan ibili gara antolakuntza aldetik. Baina egia da BTT mendi martxaren 10.urteurrenak hainbat buruhauste eman dizkigula; izan ere, inoiz baino jende gehiagok parte hartu zuen. Hala ere, dena primeran joan zen", dio Musakolako jaien antolatzaile  Iban Goñik. Urtero bezala, askotariko ekintzak eskainiko dituzte aurten ere, txiki, heldu zein nagusiei bideratuta egongo direnak, hala nola, puzgarriak, kalejirak, dantzaldiak, umeen danborrada, spinning master class-a, auzoko artisten eskulanen erakusketa, eta abar.   Baina badago berrikuntza bat egitarauan: gaur gaueko hamaiketan San Isidro plazan egingo den kantu afaria. Hain zuzen ere, kantu herrikoiak eta euskal kantak izango dira nagusi eta nork bere afaria eraman beharko du. Festetako egitarau osoa hemen dago ikusgai.

Astakiloaren 18.urteurrena

Aurten, ekainaren 19an, Musakolan famatua den astakiloak  18 urte beteko ditu, eta hori ere ospatuko dute zigorrolarrek. "Hamazortzi urte pasa dira astakiloa hemen dagoenetik, eta hori ere ospatzeko asmoa daukagu. Egia da oraindik ez dugula zehaztu nola ospatuko dugun, baina zerbait egingo dugula argi daukagu", azpimarratu du Goñik.

Debagoieneko albiste garrantzitsuak edo azken ordukoak telefonoan jaso gura dituzu?

  • Bidali ALTA 688 69 00 07 zenbakira Whatsapp bidez.
  • Batu zaitez Telegrameko @GoienaAlbisteak kanalera.