Ustelkeriaren aurkako aldarria egin zuten atzo EH Bilduk, Baleikek eta Irabazik

‘Korrupzioaren aurka! Eskubideen alde!’ lelopean bildu ziren atzo Arrasateko EH Bildu, Baleike eta Irabazi Udal taldeak Herriko plazan. Bestalde, Foru Aldundiak akordioaren gaineko irakurketa positiboa egin du.

Atzo arratsaldeko 20:00etan bildu ziren herriko plazan EH Bildu, Baleike eta Irabazi udal taldeak. Elkarteratze honen asmoa, PP-ren eta EAJ-ren arteko akordioa salatzea zen. EH Bilduko Eneko Barberenak azpimarratu zuenez: "Ez dugu nahi ustelkeriarik eta  gure eskubideak bere horretan gelditzea nahi dugu. Eta ikusten ari garena da, Alderdi Popularraren Gobernuak ustelkeria besterik ez daukala  eta batzuk Gobernu horri laguntzen ari direla, kasu honetan, aurrekontu hitzarmen bat eginez". 

Alderdi Popularraren Gobernuak pertsonen eskubideak, eta batez ere, langileenak, murriztu eta txikitu egiten dituela uste dute atzo bildu ziren hiru udal taldeak: "Erabaki honek diruaren erpinaren gainean dagoen jendea laguntzen du, hau da, jende boteretsuari. Eta, aldiz, langileei ez zaie laguntzen. Alderdi Popularrak azken urteotan egin dituen murrizketa eta lege erreforma guztiak horren seinale dira. Gure ustez, Gobernu horri ezin zaio lagundu eta kendu egin behar da". Guzti hau eta ituna bera, salatzeko elkartu ziren atzo herriko plazan.

Diputazioa pozik

Akordioaren beste irakurketa bat egin du Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak. Pozik agertu da, euskal erakundeek zuten “pisuzko ziurgabetasun bat” argitu delako, EAJk eta PPk Espainiako Aurrekontuak onartzeko lortutako akordioareni esker. Diputatu nagusiak adierazi duenez, hitzarmen honi esker, Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Estatuaren arteko finantza harremanak normaldu eta erregularizatu dira, eta irtenbidea eman zaio 2011tik katigatuta zegoen arazoari. Nabarmendu duenez, hitzarmenarekin euskal erakunde guztiek irabazten dute, “eta hau herritarren mesedetan doa”. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.